Arartekoak gaitzetsi egiten du emakume baten kontra Orion burututako hilketa matxista ankerra

Atzo Orion gizon batek bere bikote ohiaren kontra burututako hilketa matxista ankerrak atsekabe sakona sortu du euskal gizartean eta bere erakundeetan, eta Arartekoa atsekabe horri lotzen zaio. Irmo gaitzesten du erailketa hori eta bat egiten du emakume horren seme-alaben, familiaren eta adiskideen saminarekin. Horiek, hemendik aurrera, erakundeek eman diezaieketen babes guztia jaso beharko dute, bereziki krimen horrek biktimaren bi seme-alaben bizitzetan egin duen zauria ahal den neurrian sendatzen saiatzeko.

Arartekoak jendaurrean salatu behar du, beste behin ere, matxismo erailtzaileak eragin handia izaten jarraitzen duela hamaika emakumeren eta neskato-mutikoren bizitzetan eta, oro har, gure gizarte osoan, nahiz eta gure legeria eta erakunde publikoak etengabe neurri irmoak eta aurreratuak garatzen ari diren hori bukarazteko.  

Ildo horretan, Arartekoak ezinbestekotzat jotzen du zenbait neurri diseinatzea gizarteko eremu eta talde guztiek parte har dezaten emakumeak zauritu eta hiltzen dituen egiturazko gaitz horren kontrako borrokan. Baina, batez ere, orain gizonezkoek hartu behar dute hitza, beraiek hartu behar dute esku, eta argi eta garbi adierazi erabat gaitzesten dituztela ideologia eta balio matxistak, baita horiek eragiten dituzten indarkeriazko ekintzak ere –hau bezalako krimen handietatik hasi eta batzuetan nekez antzeman daitezkeen mikroindarkerietara iritsi arte–, ekintzok ongarritutako eremua baitira matxismorako eta bere ondorio lazgarrietarako. 

Arartekoak tinko eta nekatu gabe lanean jarraituko du norabide horretan, emakumeen eta haurren giza eskubideak defendatzen duen konpromisoa egunero berrituz, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde eginez, Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistaren kontrako Erakundearteko III. Hitzarmenean elkarlanean ari den gainontzeko euskal erakundeekin batera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 17a