Arartekoak gaitzetsi egiten du joan den asteburuan Villabonan gertatutako eraso homofobo eta xenofoboa

Euskal gizarte osoari eta bere erakundeei dei egiten die, LGTBI pertsonen eta atzerritarren kontrako arbuioa edo gorrotoa erakusten duen edozein jarrera edo portaera gaitzesteko eta hari aurka egiteko

Arartekoak gaitzespena adierazten du joan den asteburuan bi gazte kolonbiarrek Villabonan nozitu zuten eraso basati, homofobo eta xenofoboaren aurrean. Eraso hori ikertzen ari da orain Ertzaintza. Talde batek bi gazteei jipoia eman zien, bikote moduan beren arteko maitasuna ezkutatu gabe taberna batean dantzan aritu eta handik atera ondoren. Bietako baten izeba ere zauritu zuten; hark bere bizilekuan hartu zituen, oraintsu Kolonbiatik iritsi zirenean gizarte irekiago eta anitzago baten bila, homosexualak izateagatik aurreiritzirik eta arbuiorik gabe onartuko zituena. Arartekoak bat egiten du haien minarekin, eta laster sendatzea opa die.

Beraien sexu-joeragatik edo jatorri atzerritarrarengatik zenbait pertsonaren kontra burutzen diren ekintzek atsekabe sakona sortzen diote erakunde honi, eta, zoritxarrez, berresten dute euskal gizartean oraindik bizirik dirautela LGTBI pertsonen eta atzerritarren kontrako gorrotozko, arbuiozko eta aurreiritzietan oinarritutako jarrerek. Hori onartezina da gizarte demokratiko eta anitz batean, aurrez aurre zapaltzen baitu giza eskubideen inperioa, hain zuzen ere, erakunde honek defendatu eta sustatu behar duen balio gorena. 

Gertakari deitoragarri horietatik erator litezkeen zigor-erantzukizun guztiak argitzeak lehentasuna du, baina, horren gainetik, eta bihar LGTBIfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen dela kontuan hartuta, Arartekoak dei egiten die euskal gizarte osoari eta bere erakundeei, LGTBI pertsonen eta atzerritarren kontrako arbuioa edo gorrotoa erakusten duen edozein jarrera edo portaera gaitzesteko eta hari aurka egiteko.

Egun horretan, Arartekoak indarrez aldarrikatu behar du pertsonen berdintasuna eta duintasuna balio gorenak direla, euskal gizarteko pertsona eta erakunde guztiok argi eta garbi barneratu eta defendatu behar ditugunak, banaka nahiz taldeka. Arartekoa azterlan bat prestatzen ari da euskal gizarteko jarrera LGTBIfobikoei buruz, neurri zehatzak bultza daitezen gizarteak aniztasun afektiboaren inguruan erakusten dituen jarrerak aldatzeko, gaur gaitzesten ari garena bezalako ekintza arbuiagarririk Euskadin berriro gerta ez dadin. 

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 16a