Arartekoak gaitzetsi egiten du mezu xenofoboak eta arrazistak dituzten pegatina batzuk agertu izana

2015eko otsailaren 19a

Arartekoak, bere gaitzespenik sendoena eta kezkarik handiena adierazi behar ditu nazien gurutze esbastikoa duten hainbat pegatina agertu direlako, mezu xenofobo eta arrazistekin batera ("ez da lanik falta, etorkin gehiegi dago", "stop zurikeriari, espainiarrak lehendabizi", "gizarte-laguntzak nazionalentzat") Gasteizko Egoiliar Afro-amerikarren Elkartearen egoitzako atean.

Nazien sinbologia erabiltzeak beste ikuspegi bat ematen dio ekintza gaitzesgarri horri, izan ere, Europako hainbat herrialdetako mugimendu neonaziekin lotzen du, adibidez "Amanecer Dorado" greziarrarekin eta beste batzuekin. Ideologia neonaziak larriki eraso egiten die giza eskubideei eta zuzenbideko estatu demokratikoaren funtsezko printzipioei, eta, horregatik, hasieratik irmo eta gogor borrokatu behar da horren kontra. Botere publiko, erakunde eta administrazio guztiek, baita arduradun politikoek ere, lehentasuntzat ezarri behar dute ideia neonaziak desagerraraztea, demokraziaren eta gizarte bizikidetzaren aurkako minbizia direlako.

 

Arartekoak bere eskumenak baliatuko ditu administrazio eskudunek gertakari horiek iker ditzaten, egon litezkeen zigor erantzukizunak argitu ditzaten eta Gasteizko Egoiliar Afro-amerikarren Elkarteko kideei segurtasuna eta oinarrizko eskubideak gauzatzea berma diezazkieten.

Gaur, inoiz baino gehiago, euskal hiriburu horretan eta Euskadi osoan lan egin beharra dago printzipio eta balio hauen alde: bizikidetza eta gizarte-kohesioa, aniztasuna eta desberdintasuna errespetatzea, demokrazia inklusibo eta harmonikoa.

 

Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 19a