Arartekoak Gasteizko Udalari eskatu dio ken dezala e-postaz NANa aurkezteko eskakizuna, idazkiak bide elektronikoz erregistratzeko orduan
Arartekoak Gasteizko Udalari gomendatu dio ken dezala posta elektronikoz NANaren kopia bat bidaltzeko eskakizuna idazkiak udalaren erregistro elektronikoaren bidez aurkezteko. Jardunbide hori herritar baten kexaren harira antzeman da eta ez dator bat administrazio-prozedurari buruzko indarreko araudiarekin, ezta udal ordenantzarekin berarekin ere.
Arartekoak ondorioztatu duenez, norbaitek bere burua identifikatzeko ziurtagiri elektroniko kualifikatua erabiltzen badu -Izenpek emandakoak bezalakoak edo NAN elektronikoa-, ez da beharrezkoa nortasun agiriaren kopia ematea. Egiaztatzea automatikoki eta modu seguruan egiten da, sistemaren beraren bidez.
Gainera, erakunde honek ohartarazten du administrazioak jada badauzkan agiriak ez aurkezteko eskubidea urra dezakeela eskakizun horrek, baita ere datu pertsonalak minimizatzeko printzipioa, datuak babesteko araudian aurreikusitakoa.
Horregatik guztiagatik, Arartekoak udal horri eskatu dio identifikazio elektronikoko legezko estandarretara egokitu dezala bere erregistro-sistema, eta alferrikako oztopoak saihestu ditzala zerbitzu publiko digitaletarako sarbidean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 17a