Arartekoak Gasteizko Udalari eskatu dio ken dezala Udaltzaingoan salaketak jartzeko nahitaez aurretik hitzordua eskatzeko baldintza
Arartekoak Gasteizko Udalari bidali dion ebazpen batean, eskatu dio ken dezala Udaltzaingoan salaketak jartzeko nahitaez aurretik hitzordua eskatzeko baldintza, eta herritarrei aurrez aurre salaketak jartzen utz diezaiela, beharrezkoak ez diren trabak jarri gabe. Izan ere, herritar batek zailtasunak eta atzerapenak aurkitu zituen delitu bat salatzen ahalegindu zenean, baldintza hori zegoelako.
Kasua aztertu ondoren, Arartekoak egiaztatu du aurretiko hitzordua ezartzeak babesgabetasuna sor dezakeela eta oinarrizko eskubideak urra ditzakeela, hala nola babes judizial eragingarria izatekoa eta biktimak babestekoa. Gainera, kezka adierazi du egoera bereziki larrietan neurri horrek berehala kasu egitea galaraz dezakeelako, adibidez, genero-indarkeriazko kasuetan edo premiaz jardutea beharrezko egiten duten delituetan.
Bere ebazpenean, Arartekoak gomendatu du aurretiko hitzordua borondatezko aukera gisa soilik mantendu dadila eta udalak argi adieraz dezala, bai aurrez aurre, bai bide elektronikoz, nola funtzionatzen duen eta zer kasutan izan daitekeen baliagarria. Neurri horren bitartez, Arartekoak bere konpromisoa indartzen du administrazio eskuragarriarekin eta herritarrek beren eskubideak justifikatu gabeko administrazio-trabarik gabe baliatu ahal izango dituztela bermatzearekin.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 11