Arartekoak Gasteizko Udalari gomendatu dio indarrik gabe utz dezala jendaurreko ikuskizunei eta jolas-jarduerei buruzko araudia hausteagatik jarritako zehapen bat

Herritar batek Arartekoari adierazi zionez, ertzain batek salaketa jarri zuen bere kontra, 2020ko irailean bide publikoan edariak kontsumitzen ari zelako; horren ondorioz, Gasteizko Udalak zehapena ezarri zion eta ez zegoen ados zehapen harekin.

Ertzainak salaketa-akta idatzi zuen, 2020ko ekainaren 18ko Agindua urratu zelako (Osasun sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa) eta zigortzeko espedientea hasi zen, Jendaurreko Ikuskizunei eta Jolas-jardueren Legea hausteagatik. 

Salatutako herritarrek ukatu egin zituen leporatutako egintzak, alegazioak egin zituen, frogatzea proposatu zuen espedientearen tramitazioan eta berraztertzeko errekurtsoa jarri zuen zehapen-ebazpenaren kontra. Errekurtso hura onartu egin zenez gero, zigorra indarrik gabe uztea erabaki zen. Errekurtsoa onartu baino lehen, interesdunak Arartekora jo zuen jarri zioten zigorragatik, baina hura ezeztatu zela ikusita, erakunde honek kexa gerora ez zela onartu adierazi zuen, kexatzeko arrazoirik ez zegoelako.

Errekurtsoa onartu zen egun berean, udalak beste ebazpen bat jakinarazi zion herritarrari; haren bidez, zigortzeko prozedura berri bat hasi zen, egintza berberengatik. Interesdunak berriro alegazioak egin zituen (ez ziren onartu) eta frogatzea proposatu zuen (hura ere ezetsi egin zen). Zehapen-ebazpenaren kontrako errekurtsoa jarri zuen (oraindik ebatzi gabea) eta gero zorraren epemuga errekargu betearazlearekin jakinarazi zioten. 

Espediente berri hori zela eta, interesdunak Arartekora jo zuen. Erakunde honek, udalari informazioa eskatu ondoren, ondorio hau atera du: salatutako egintza (egiazkotzat jotzen da) ezin dela sartu egozten den arau-hauste motaren barruan. Gainera, bere iritziz, ez dago egozketa-froga nahikorik beharrezko ziurtasunarekin jakiteko kexagileak leporatu zaion jokabide hura izan zuela. Horregatik, uste du prozeduraren tramitazioa formala baino ez dela izan, gertatu zena argitzen saiatu gabe.

Orobat, Arartekoak ohartarazi du zigortzeko ebazpen horrek ez duela gainditzen zigorraren proportzionaltasun-judizioa gauzatzeko gutxienezko kanona, eta zigorra ezeztatu ondoren, zehapen-prozedura berri bat hasteak argi eta garbi urratzen duela non bis in ídem printzipioa (ezin da zigortu bi aldiz egintza berarengatik) prozeduraren alderditik begiratuta.

Azkenik, Arartekoaren ustez, zigortzeko ebazpenaren kontra jarritako errekurtsoa berariaz ebatzi baino lehen premiamenduzko probidentzia ematea ez dator bat azaldutako araudiarekin eta doktrinarekin; horregatik, itzuli egin behar da bidegabeki bahitutako kopurua. 

Hori dela eta, Arartekoak Gasteizko Udalari gomendatu dio indarrik gabe utz dezala kexagileari jarritako zigorra, eta hori ordaintzeko bahitu zaion zenbatekoa itzul diezaioten erabaki dezala.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 17a