Arartekoak Gasteizko Udalari gomendatu dio trafikoko araudia hausteagatik jarritako zehapen bat indargabetu dezala

Herritar batek Arartekoan adierazi zuen ez zegoela ados Gasteizko Udalak “erabilera ordutegiaren barruan baimendu gabeko ibilgailu bat zamalanerako gune batean aparkatzeagatik” jarri zion isunarekin. Isuna agente batek bere ibilgailuaren kontra egin zuen salaketaren ostean jarri zitzaion.

Kexagileak adierazi zuenez, araudiak desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze-txartela duten ibilgailuak zamalanetarako gunean aparkatzea baimentzen du eta bere ibilgailuak bistara zuen txartel hori aurreko panelean, beti izan ohi baitu finko. Bere alegazioekin batera ibilgailuaren argazki bat aurkeztu zuen, txartela jarrita zuela egiaztatzeko. Txartelaren kopia bat ere aurkeztu zuen. 

Arartekoak Udalera jo zuen eta zehapen-prozedurari dagokion administrazio-espedientearen kopia bat eskatu zuen. Era berean, “Desgaitasuna duten pertsonentzako txartelarekin zamalanetarako egokitutako gunean aparkatzea” udal-eginbidearen indarraldiari buruzko informazioa eskatu zion; ea udaltzainak egiaztatu zuen inguruan zeuden (oso gertu) mugikortasun urriko pertsonentzako plazak okupatuta zeudela; eta ea udaltzainak egiaztatu zuen kalteak eragiten ari zitzaizkiela oinezkoei edo trafikoari eta hala jasota zegoen salaketa edo berrespenean.

Udalak administrazio-espedientearen kopia bidali zuen, baina ez zuen eman erakunde honek mahai gainean jarri zituen alderdien berri.

Alegazioen berri izan ondoren, salaketa jarri zuen agenteak berretsi egin zuen ezarritako zehapena, eta adierazi zuen salatutako ibilgailuak ez zuela ikusgai desgaitasuna duten pertsonentzako txartela. Hortaz, kontrajarritako bertsioak daude. 

Edonola ere, Udalak ez du inoiz esan aparkatzeak oinezkoei edo trafikoari kalterik eragiten dienik, eta kexagileak frogatu du aparkatzeko erreserbatutako gunea erabiltzeko eskubidea duela. Horrez gain, txartela ikusgai ez edukitzea ez da, trafikoari dagokionez, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra urratzearen ziozko arau-hauste bat.

Ondorioz, Arartekoak uste du zehapena ondoriorik gabe utzi beharko litzatekeela.
 

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 8a