Arartekoak Getxoko Udalari eskatu dio herritarren parte-hartzea bultza dezala Aixerrotako paella-egunean egiten diren jolas-jarduera guztien udal-kontrolean
Andramari Kortiñe auzo-elkarteak kexa egin zion Arartekoari, Getxoko Udalak ez baitzion erantzun bere informazio-eskaera bati. Hain zuzen ere, elkarte horrek jakin nahi zuen udalak zer neurri hartu zituen Getxoko Aixerrotako zelaietan urtero uztailaren 25ean egiten den Paellen Nazioarteko Lehiaketaren ondoan burutzen den jolas-jarduera alternatiboa kontrolatzeko.
Gai horri dagokionez, elkarte kexagileak Arartekoaren 2023ko uztailaren 20ko 2023R-388-23 Ebazpena aipatu zuen. Ebazpen horren bidez, Arartekoak Udalari gomendatu zion udalaren eskumeneko segurtasun-, osasun- eta ingurumen-neurri guztiak betetzen zirela kontrolatzeko ekintza bultza zezala, Aixerrotan egin ohi den ospakizun horri lotutako jarduera guztietan.
Ebazpen berri honetan Arartekoak Getxoko Udalari gomendatzen dio ikuskapen-programa bat bultza dezala, Aixerrotako landetan egiten diren jai-jardueretan segurtasun, osasungarritasun eta ingurumenaren babeserako neurriak behar bezala kontrolatzeko.
Zehazki, Arartekoak Getxoko Udalari gomendatzen dio programa horrek, besteak beste, elkarrizketa-gune edo -foro bat izan dezala jolas-jarduera alternatiboan parte hartzen duten pertsonen eta auzo-elkarteetako edo elkarte ekologistetako ordezkarien ekarpena jasotzeko, horren bidez, ebaluazio egokia egitea izango baita adosten diren neurrien eraginkortasunaren inguruan, hala nola pinudi-basoko alorrak eta kostaldeko txilardiak hazten diten alorrak babesteko, egokitzen diren segurtasun-eremuetan sartzea eta okupatzea eragozteko, eta instalazio desmuntagarriak lurzorua eraldatu edo kutsa dezakeen inolako eraikuntza-materialik gabe egiten direla bermatzeko neurrien inguruan, eta, jarduera gauzatu ondoren, lursaila behar bezala lehengoratzeko neurriak ere aintzat hartuta.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 24a