Arartekoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari gomendatu dio berriz hausnar dezala Bidegi A-636 autobiako kanona kudeatzeko egiten ari den jardueren gainean

Herritar batek kexan Arartekoari azaldu zionez, arazo teknikoak izan zituen Bidegiren (aldundiaren merkataritza sozietatea) web orrian sartzeko, bertan izena emateko eta bere ibilgailuaren matrikula banku-txartelarekin lotzeko, foru-araudiaren bitartez araututako kanona ordaintzeko. Gaineratu zuenez, Bidegiri telefonoz laguntza eskatzen saiatu zen, baina lineak gainezka zeuden. Kanona ordaindu ez zuenez gero, Aldundiak zehapen-espedienteak hasi omen zituen. Interesdunak espediente haien kontra alegazioak egin omen zituen, zehatz-mehatz azalduz izan zituen arazo teknikoak, baina ezetsi egin omen zituzten. 

Arartekoak administrazioari laguntza eskatu zion, egintzak argitzeko asmoz. Hain zuzen, argibideak eta agiriak galdegin zizkion, kanona kudeatu, ordainarazi eta biltzeko arloan Aldundiak Bidegiri enkargatu zizkion jarduerez.

Bidegik burututako jarduerak eta agiriak aztertu ondoren, Arartekoak gomendio bat bidali dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari, gogoeta egin dezan Bidegik A-636 autobiako kanona kudeatu, ordainarazi eta biltzeko egiten ari den jarduerei buruz, herritarrek egiaztatu ahal izan ditzaten burutu den jarduera publikoa eta administrazioak helburu duen interes publikoa. 

Era berean, herritarrek beren erakundeetan sinesteko eta duten konfiantza indartzeko, Arartekoak gomendatu dio gardentasun-atarian argitara ditzala Bidegiren esku utzitako enkarguak, gobernu onari buruzko foru-araudian xedatutakoa bete dadin.

EBAZPENA
    
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 23a