Arartekoak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari iradoki dio hausnar dezala ea hobekuntzak egin daitezkeen talde ahulentzako bono digitala emateko prozeduran

Herritar batek Arartekoari azaldu zionez, Eusko Jaurlaritzak agian arbitrariotasunez jokatu zuen talde ahulentzako bono digitala emateko orduan, eta ez zegoen ados jokaera harekin.

Adierazi zuenez, “bono digitala” izeneko laguntza eskatu zuen, Interneterako konexio-zerbitzuaren fakturan murrizketa baten onuradun izateko. Gero, bere eskaera onartzeko ebazpena jaso zuen, baina konturatu zen beretzat ez zela onuragarria aurrez onartutako laguntza hura jasotzea, izan ere, horretarako, alta eskatu behar zuen laguntzen programarekin lankidetzan ari ziren komunikazio-operadoreetako batean eta, hortaz, zigor ekonomikoa ekarriko zion orain daukan kontratua ezeztatzeak.

Arartekoak, laguntzak arautzen dituen araudiaren eta kexagilearen aldeko ebazpenaren argitan, ez zuen arbitrariotasunik ikusi administrazioaren jardueran.

Hala ere, kontuan hartuta azterturiko xedapenak eta egindako laguntza-eskaerei sail horrek emandako erantzuna, hobetu beharreko zenbait alderdi antzeman zituen laguntzak emateko prozeduran.

Zehazki, Arartekoak egiaztatu zuen laguntza horren bidez interes publikoko xede bat lortu nahi zela, hain zuzen ere, talde ahulen arrakala digitala murriztea. Horregatik, egokia iruditzen zaio hausnarketa bat iradokitzea gai honen gainean: zer ekintza izan daitezkeen egokiak pertsona ahulak artatzen dituzten zerbitzu publikoen artean bono digitalari buruzko laguntzak daudela ezagutarazteko.

Bestalde, laguntzen onuradunek Internetera konektatzeko kontratuak aldatu behar izan ez ditzaten, eta, zenbaitetan, bono digitala eskuratzeko orduan zigorra jaso ez dezaten, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari iradoki dio doikuntza batzuk egin ditzala eta oztopoak ken ditzala laguntza horiek emateko prozedura errazteko eta, hala, talde ahulen artean arrakala digitala murrizteko funts guztiak erabiltzeko.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 2a