Arartekoak gomendioa egin ondoren, Getxoko Udalak ahalik eta lasterren ebatziko du obra-lizentziaren eskaera bat

Pertsona batek bere etxebizitza eraberritzeko obra-lizentzia eskatu zion Getxoko Udalari, baina hark ez zion erantzun. Horrexegatik jo zuen Arartekora. Azaldu zuenez, 2022ko urrian lizentzia eskatu zuen, bere etxebizitzan egokitze-obra txiki batzuk egiteko, hain zuzen, barruko trenkada batzuk eraitsi eta eraikitzeko, baita etxe osoko leihoak aldatzeko ere.

Hilabete baino gehiago igaro eta espedienteari buruzko informaziorik jaso ez zuenez gero, kexagilea telefonoz harremanetan jarri zen Hirigintza Sailarekin; han adierazi zioten ez zirela espedientea izapidetzen hasi, lana pilatu zitzaielako eta horrelako obra-lizentzien eskaerei erantzuteko orduan atzerapena egon zelako. Edonola ere, jakinarazi zioten udalak hiru hilabeteko epea zuela erantzuteko.

Informazioa aztertu ondoren, Arartekoak Getxoko Udalari gomendatu zion ahalik eta lasterren ebatz zezala hirigintza-lizentzia bat, eta gogorarazi zion legean ezarritako epeetan eta moduan izapidetu eta ebatzi behar dituela obra-lizentziak eta aurretiko jakinarazpenak.

Udalak Arartekoari adierazi dio lizentzia izapidetzen jarraitu duela eta udal aparejadorearen txosten bat eman duela, non agiri osagarriak emateko eskatzen baita. Erantzun horretan hitzeman du agiri osagarriak jasotzen direnean, ahal bezain bizkor aztertuko direla.

Era berean, Getxoko Udalak Arartekoari jakinarazi dionez, hirigintzako lizentziei eta jakinarazitako egintzei buruzko udal Ordenantza (2014ko abuztuaren 4koa) aldatzea aurreikusi da, administrazio-prozedurak errazteko, behar ez diren eskakizunak kentzeko eta espedienteen tramitazio elektronikoa indartzeko.

Udalaren erantzuna oinarritzat hartuta, espedientea behin betiko ebazten den arte, Arartekoak kexa honen tramitazioa etetea erabaki du.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 2a