Arartekoak Herri Defentsarien Europako Sarearen urteroko konferentzian parte hartu du, “herriaren defendatzaileen zeregina krisialdi garaietan” gaiaren inguruan ospatua

Konferentzia Europako Herriaren Defendatzaileak organizatu zuen, eta jorratutako gaia herriaren defendatzaileek Ukrainako gerratik ihesi datozen pertsonen harrerari dagokionez duten zeregina izan zen. Era berean, horien zeregina eztabaidatu zen, herritarrentzat zerbitzu publiko digital baliagarriak bermatzeari eta Europako berreskuratze-funtsen erabilera egokia gainbegiratzeari dagokionez. Manuel Lezertua arartekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoaren jarduketak aipatu zituen, Euskadiko biztanleriak zerbitzu publikoak digitalizatzearen ondorioz dituen arazoen aurrean.

Ukrainako pertsona errefuxiatuak

Ukrainako eta ondoko herrialdeko herriaren defendatzaileek azaldu zuten zein diren gerratik ihes egiten duten pertsonak egokitasunez hartzeko egin dituzten jarduketak. Polonian jadanik hiru milioi errefuxiatu daude. Gainerako herrialdeen elkartasuna eskatu zen, eta nabarmendu zen herriaren defendatzaileek zaindu behar dituztela errefuxiatuen eskubideak, batez ere Aldi Baterako Babesari buruzko Zuzentarauaren arabera dituzten eskubideak, benetan errespetatzen direla eta agintari eskudunek betetzen dituztela.

Zerbitzu publikoak digitalizatzea

Zerbitzu publikoak digitalizatzeak oso aukera positiboak eskaintzen ditu biztanleriaren arreta hobetzeko eta biztanleen eskubideak betetzeko. Hala ere, Europako herriaren defendatzaileek antzeko arazoak nabaritu dituzte: pertsona helduen, etorkinen eta gizarte-bazterketa jasaten duten pertsonen bazterketa digitala; giza-kontaktu ezak zerbitzu publikoetan sortzen duen mesfidantza; erantzukizuna baztertzea, herritarrei ematen zaizkien zerbitzuek ondo funtziona dezaten (beharrezko baliabide eta ezagutza teknikoak izan behar dituzte); arazo teknikoak konpontzeko gai diren pertsona arduradunak bilatzeko zailtasunak; edo landa-zonaldeetako desabantailak.

Herriaren defendatzaileek adierazi zuten garrantzitsua dela aurrez-aurreko arreta eta giza-kontaktua bermatzea, baliabide elektronikoak erabili ezin duten edo nahi ez duten pertsonentzat. Era berean, ikuspegi proaktiboak proposatu zituzten, zerbitzu publiko elektronikoen diseinuak pertsona mota guztien lege-eskakizunak, ezaugarriak eta beharrak kontuan hartzen dituela gainbegiratzeko, zerbitzu horiek eskuratu eta erabiltzeko zailtasun handienak dituztenak barne. Diseinu horren barnean, biztanleriaren parte-hartzea funtsezkoa da. Azkenik, herriaren defendatzaileek adierazi zuten administrazio publikoek beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak inbertitu behar dituztela, biztanleriaren arreta bermatzeko, aurrez aurrekoa zein digitala, eta haiek exijitu behar dute hori horrela izatea.

Eztabaida horretan, Arartekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoaren jarduketak azaldu zituen, herritarrei arreta presentziala eta digitala behar bezala ematen zaiela bermatzeko. Izan ere, jarduketa horiek gomendio orokor batean eta ezohiko txosten batean jasota daude.

Europako funtsak gainbegiratzea

Azkenik, herriaren defendatzaileek Europako funtsen gauzatze egokia gainbegiratzeko orduan izan dezaketen zeregina eztabaidatu zen. Herritarrek funts horien erabilerari buruzko informazioa eskuratzeko aukera izan behar dute, eta botere publikoek gardenak izan behar dute horren inguruan, eta guneak ireki behar dituzte herritarrek parte har dezaten. Hemen, herriaren defendatzaileek zeregin garrantzitsua dute gardentasuna eta informaziorako sarbidea bermatzeko, eta botere publikoei administrazio onaren betebeharrak gogorarazteko.