Arartekoak Hezkuntza Sailari gomendatu dio herritarren arretari buruzko araudi espezifiko bat gara dezala, herritarrei arreta integral eta multikanala emateko Dekretua behin-behinean aplikatuta
Pertsona batek kexa aurkeztu zuen Arartekoan, ez zegoelako ados Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Arabako Lurralde Ordezkaritzan aurrez aurreko eta telefono bidezko arretarik ez ematearekin. Kexagileak azaldu zuenez, administrazioarekin telefono bidez hitz egiten saiatu zen, baina, erantzunik jaso ez zuenez, posta elektroniko bidez lurralde-ordezkaritzarekin harremanetan jartzea erabaki zuen. Ondoren, Sailaren mezu elektroniko bidez eman zitzaion erantzunarekin ados ez zegoenez, zerbitzu eskudunarekin aurrez aurreko bilera eskatu zuen. Hala ere, ez zuen erantzunik jaso.
Arartekoak Hezkuntza Sailaren lankidetza eskatu zuen herritarrei arreta emateko duten eredua ezagutzeko. Halaber, kexagilearen arazo zehatza jorratzeko harekin bilera bat ez egiteko arrazoia zein zen ere galdetu zuen. Sailak bere erantzunean azaldu zuenez, laburbilduz, lurralde-ordezkaritzak enplegatu publikoei soilik ematen die arreta. Izan ere, ez dauka herritarrei arreta emateko zereginik esleituta, eginkizun hori Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Herritarrak Hartzeko Zerbitzuari baitagokio (Zuzenean).
Ebazpenean, Arartekoak hezkuntzaren eremuan herritarren arretari buruzko araudi espezifikoa garatzeko beharra azpimarratzen du, kontuan hartuta indarrean dagoen araudia ordezko moduan aplikatzen dela Sailean. Horregatik, Hezkuntza Sailari gomendatzen dio herritarren arretarako eredua arautu dezala eta, bien bitartean, herritarrei informazioa emateko kanal eta zerbitzuen funtzionamendua argitu eta zehaztu dezala. Gainera, Arartekoak Sailari eskatu dio Zuzenean zerbitzuarekin duen koordinazioa hobetzeko, arreta integral eta eraginkorra bermatzeko eta, hala, herritarrei beren eskubideak baliatu eta betebeharrak betetzeko erraztasunak emateko.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 16a