Arartekoak ikastaro bat antolatu du etxebizitza izateko eskubideaz eta hori bizitegi-bazterketa larriko egoera batzuetara proiektatzeaz

EHUren uda ikastaroen XLII. edizioan, Arartekoak honako izenburuko ikastaroa antolatu du uztailaren 6rako eta 7rako, Donostiako Miramar jauregian: “Etxebizitza izateko eskubidea eta hori bizitegi-bazterketa larriko edo bizitegi-prekarietateko egoera batzuetara proiektatzea. Botere publikoen esku-hartzea Euskal Autonomia Erkidegoan”.

Etxebizitza izateko eskubidea nahitaezkoa da gizakiarentzat. Izan ere, funtsezko beste eskubide batzuk baldintzatzen ditu: adibidez, enplegua izatekoa, botoa ematekoa, prestazio eta zerbitzu publikoak jasotzekoa edo seme-alabak eskolaratzekoa

Gainera, etxebizitza izateko eskubideak dimentsio etiko bat du eta hori gogoan izan behar da etxebizitza bat duintzat jotzeko orduan, oso garrantzitsua baita honelako arazoak gainditzeko: haurren pobrezia; gizarte-bazterketa belaunaldiz belaunaldi iraunaraztea; edo diskriminazioa nozitzen duten taldeetakoa izateagatik (gutxiengo etnikoak edo erlijiosoak, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak, e.a.) etxebizitza eskuratzerik ez izatea.

Pertsonek etxebizitza egokirik ez daukatenean, batez ere kasurik larrienetan, administrazio publikoek beste bizileku egoki bat eskaintzen lagundu behar dute.

Arartekoaren ikastaro honek helburu hauek ditu: egoera zehatzetan finkatzea arreta, kasurik larrienetarako beste bizileku bat eskura izateak dakarren erronka aztertzea, etxegabeen egoerak arintzeko politika publikoak ezagutzea, eta etxebizitza bat eskuratzeko eta mantentzeko bizitegi-prekarietatea duten pertsonen arazoak eztabaidatzea.

Orobat, etxebizitza behar duten pertsonak artatzean funtsezko faktoreak antzematera bideratuta dago, batik bat larrialdi egoeretan, gizarte zerbitzuek esku hartuz, aparteko esleipen-prozeduretatik datozen konponbide batzuk aplikatuz, administrazioen arteko harremanen eta koordinazioaren bitartez eta baliabide espezializatuetara bideratuz, beste eragile batzuekin eta komunitatearekin berarekin hitz eginez.

EGITARAUA

IZEN-EMATEA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 24a