Arartekoak Justizia Sailari iradoki dio alda dezala Espetxeak Kudeatzeko Eskuliburua, Euskadiko espetxe guztietarako irizpide bateratua ezar dadin
Arartekoaren proposamen horrek kexa batean du jatorria. Erdi-askatasuneko erregimenean zeuden bi atzerritar, hirugarren sektoreko erakunde bateko baliabideen erabiltzaileak, kexu ziren Bizkaiko espetxean hirugarren graduan sailkatutako atzerritarren edo baldintzapean askatutakoen identifikazio-dokumentazioa atxikitzeko prozedurengatik.
Arartekoko hainbat langile erakunde horretako gizarte-langile eta hezitzaile batzuekin bildu ziren. Haiek azaldu zutenez, arau orokor gisa, hirugarren graduan edo baldintzapeko askatasunean dauden atzerritarren identifikazio-dokumentazioa atxiki egiten da Bizkaiko espetxean. Pertsona horiek administrazio-izapideak edo kudeaketak egiteko dokumentazioa behar dutenean, Bizkaiko espetxeko Zuzendaritzari eskatu behar diote eta, behin baimena lortuta, dokumentazioa jaso, erabili eta itzuli egiten dute baimenean adierazitako egunean. Oro har, dokumentazioa egun berean, biharamunean edo, salbuespenez, egun batzuk geroago (justifikatuta dagoenean) itzultzen da.
Erabiltzaileek kexa-idazkian adierazi zutenez, prozedura horrek zaildu eta moteldu egiten ditu eragindako pertsonen gizarteratze- eta laneratze-prozesuak.
Euskal espetxe-administrazioari informazioa eskatu ondoren, Arartekoak jakin du Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan Eskuliburuan jasotako irizpideak erabiltzen direla, hau da, dokumentazioa noizean behin ematen dela, espetxeratuak aldez aurretik eskatuta, beharrezko gestioak egiteko. Gestio horiek burutzen dituenean, Kudeaketa Bulegora itzuli behar du dokumentazioa.
Alabaina, Arabako espetxean, arau orokor gisa, erregimen irekiaren barruan esleitutako bizi-modalitateari dagokion irteera-erregimenera sartzeko unean ematen zaio dokumentazioa espetxeratuari. Une hartatik aurrera, espetxeratuak edukitzen du bere dokumentazioa.
Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailari iradoki dio alda dezala Espetxeak Kudeatzeko Eskuliburua eta Euskadiko espetxe guztiek Arabako espetxeak orain arte erabili duen irizpidea balia dezatela, eskubideak gutxien murrizten dituena eta presoentzat mesedegarriena delako.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 27a