Skip to main content
  • Arartekoak herritarren foro bat antolatu zuen Bilbon, irailaren 11n. Bertan, mugikortasun jasangarriaren erronkak eta aukerak aztertu zituzten hainbat erakundek, adituk eta herritarrek.

    Jardunaldi hartan azaldutako ondorio nagusia hauxe izan zen: hiriak aldatu egin behar direla, mugikortasun aktiboaren (oinezkoa eta bizikletazkoa), garraio publikoaren eta ibilgailu motordunak gutxitzearen ikuspegitik begiratuta.

    Ondorio nagusiak:

    Paradigma aldatu behar da hiri-mugikortasunean. Hiriek mugikortasun aktiboa eta garraio publikoa ardatz nagusi izango dituen eredurantz egin behar dute aurrera, ibilgailu pribatuarekiko mendekotasuna murriztuz. Eraldaketa hori funtsezkoa da osasuna eta ingurumena babesteko.

    Hiri-mugikortasun jasangarrirako planek (HMJP) aukera ona ematen dute. Nahiz eta plan horiek aurrerapenak bultzatu dituzten, oraindik zenbait arazori egin behar diete aurre trafiko motorduna nabarmen gutxitzeko. Behar-beharrezkoa da politika horiek hiri-plangintza bezalako beste arlo batzuekin bateratzea.

    Atzerapenik gabe, emisio txikiko eremuak (ETE) ezarri behar dira. ETEak ezartzea lege-betebehar bat da, eta ezinbesteko egiten du premiaz jardutea, airearen kalitatea hobetzeko eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko.

    Hirigintza taktikoa: Hirietako esku-hartze apal batzuk (adibidez, kaleak aldi baterako oinezkoentzat jartzea) lagungarriak izaten ari dira ibilgailu pribatua gutxiago erabiltzeko eta gune publiko irisgarriagoak eta jasangarriagoak sustatzeko.

    Mugikortasun jasangarrirako eskubidea aitortu behar da. Mugikortasun jasangarria osasunari eta ingurumenari lotutako eskubidetzat hartu behar da. Euskadiko eta Estatuko lege-esparruak ildo horretan aurrera egiten ari dira.

    Gardentasuna eta herritarrek parte hartzeko eskubidea aukera onak dira hartu behar diren neurriak onartzeko. Funtsezkoa da herritarrek modu aktiboan parte hartzea mugikortasun-politiken plangintzan. Talde guztiak barne hartu behar dira (batez ere ahulenak) neurri horiek onartu eta eraginkorrak izan daitezen.

    Oinezkoak lehentasuna izan behar du espazio publikoa banatzean. Berriz antolatu beharra dago espazio publikoaren erabilera, oinezkoei lehentasuna emateko plan estrategiko baten bidez. Orobat, plan horretan kontuan hartu beharko da generoaren, belaunaldiaren eta desgaituen ikuspegia.

    Garraio publikoa sustatu behar da. Garraio publikoaren kalitatea, irisgarritasuna eta eraginkortasuna hobetzea ezinbestekoa da ibilgailu pribatuaren gutxiago erabiltzeko.

    Berrikuntza eta jardunbide egokiak. Foroan zenbait jardunbide egoki eta herritarren zientzia-proiektu batzuk aurkeztu ziren. Horiek ikusarazten dute zein garrantzitsua den eremu sentikor batzuetan airearen kalitatea hobetzea, esaterako, eskola-eremuetan.

    Bizikleta-mugikortasuna bultzatu behar da. Txirrindularien elkarteek behin eta berriz adierazten dute bizikleta-azpiegiturak hobetu behar direla, eta finantzaketa egokia bermatu. Era berean, bidegorrietarako diseinu-eskuliburuak sortzea proposatzen dute, eta udal sailen arteko koordinazio handiagoa, garraiobide hori bultzatzeko.

    Azken batean, Arartekoaren herritarren foroaren amaieran azpimarratu zen hiriak premiaz eraldatu behar direla, espazio inklusiboagoak, irisgarriagoak eta ingurumena errespetatuko dutenak bihurtzeko. Hori erdiesteko, baterako ahalegina egin behar dute administrazio publikoek eta herritarrek, eta hiri-mugikortasunaren gaineko erabakiak hartzean, talde guztien (batik bat talde ahulenen) hitza adituko dela bermatu beharko da.

    ONDORIOAK

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 4a

  • Arartekoak azterlan bat prestatu du Euskadiko gazteen arteko jarrera matxistak hobeto ulertzeko eta politika publikoak hobetzeko gomendioak egiteko. Azterlan hori sexu-arrazoiengatiko berdintasuna bultzatzeko eta indarkeria matxista jasan duten emakumeen eskubideak defendatzeko lanaren barruan kokatzen da.

    Informazioa biltzeko, hainbat iturri erabili dira, besteak beste, arlo horretako lanen analisi bibliografikoa, 14 eta 29 urte bitarteko gazteei egindako galdera-sortak, eztabaida-taldeak eta Arartekoak antolatutako herritarren foro bat. Analisiak bost aztergai jorratu ditu: genero-estereotipoak eta gizarte-presioa; bikote-harremanak eta sexualitatea; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta bereizkeria sexista; emakumeen kontrako indarkeria matxista; eta berdintasuna eta feminismoa.

    Lortutako emaitzek erakusten dute gazteek oraindik estereotipoekin borrokan jarraitzen dutela, nahiz eta hobeto jabetzen diren estereotipoak daudela. Gainera, egiaztatu da sexuaren araberako segregazioa dagoela ibilbide profesionaletan eta lanekoetan, eta kirol arloan antzematen direla indar handiagoarekin genero-estereotipoak. Era berean, desoreka ikusi da etxeko lanak eta zainketak banatzeko orduan, eta erakargarritasun fisikoari dagokionez, nabarmenagoa da neskenganako gizarte-presioa.

    Bikote-harremanei dagokienez, oraingo harremanak anitzagoak eta malguagoak direla nabarmentzen da, nahiz eta oraindik bizirik dauden maitasun erromantikoaren mito batzuk. Gazteentzat Internet da sexuari buruzko informazio-iturri nagusia, eta, ondoren, lagunak eta irakasleak. Alabaina, laguntzaile pedagogikorik ez izateak erraztu egiten du Internetek heziketa afektibo-sexualean zeregin garrantzitsua izatea, eta pornografiak eragina du been sexu-harremanetan.

    Orobat, azterlanak erakusten du gazte gehienek aitortzen dutela emakumeen aurkako indarkeria matxista lehen mailako gizarte-arazoa dela, baina alde esanguratsuak daude sexuaren arabera. Hona hemen azterlanaren funtsezko emaitzak sentsibilizazio-ekimenak diseinatzeko: metodologietan berritzea, programak diseinatzean gazteak tartean sartzea, sarean eta diziplina anitzeko moduan lan egitea, eta berdintasunaren eta giza eskubideak errespetatzearen balioa sustatzea.

    Arartekoak espero du azterlan hau lagungarria izatea epe labur, ertain eta luzean neurri onuragarriak hartzeko, diskriminazioak, desberdintasunak eta indarkeria matxista indargabetu daitezen.

     

  • 2024ko irailaren 24an, Europako Kontseiluko Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren Adituen Batzordeak, seigarren ebaluazio-txostena argitaratu zuen. Txosten hori Espainiak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna aplikatzeari buruzkoa da (ikus egikaritze-laburpena gaztelaniaz).

    Txostenean azaltzen denez, Estatu Espainolak eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak babesteko eta sustatzeko legezko sistema aurreratua izan arren, estatuaren eskumenekoak diren hainbat gabezia larri ditu, honako esparru hauetan: justizian, estatuko administrazioan, zerbitzu publikoen prestazioan eta mugaz bestaldeko harremanetan. Esparru horietan, gehienetan, ez dira erabat aplikatzen Gutunaren xedapenak, bereziki herritarrek beren eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzeko duten eskubidea bermatzeari dagokionez, prozedura judizialetan, osasun-arretako zerbitzuetan eta Estatuko erakundeekiko komunikazioan, hain zuzen.

    Euskarak Euskadin duen egoerari dagokionez (euskarak Nafarroan duen egoerak espazio propioa du ebaluazioan), txostenean nabarmentzen da bizitza publikoan nahiz pribatuan euskararen erabilera sustatzeko eta errazteko hobekuntzak egon direla. Hala eta guztiz ere, batzordeak berriro ere azpimarratu du sistema judizialean dagoen euskararen erabilerari buruzko problematika Horregatik, Estatu Espainolari gomendatzen dio arduratu dadila, alde batetik, auzitegiek prozedura penal, zibil eta administratiboak euskaraz egiten dituztela bermatzeaz (alderdietako batek hala eskatzen badu) eta, bestetik, praktikan hori betetzen dela bermatzeko neurriak hartzeaz. Hain zuzen ere, legediari buruzko gogoetez gain, txostenean nabarmentzen da justizia-administrazioko langileen artean euskararen ezagutzak duen problematika; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) kontratatutako langileen % 45ek euskara ondo dakiten arren, epaileen % 7k eta fiskaltzako langileen % 2,5ek baino ez dute beharrezko maila. Gauza bera gertatzen da Estatuko funtzionarioekin Euskadin. Horregatik, batzordeak Estatu Espainolari gomendatzen dio neurriak har ditzala, euskaraz hitz egiten duten pertsonek Estatuko Administrazioaren tokiko bulegoetan euskaraz egin ahal izateko.

    Gainera, batzordea euskal agintariei zuzentzen da eta zentro soziosanitarioetan euskararen erabilera bermatzeko neurriak hartzea gomendatzen dio (Gutunaren 10.2.a artikulua), zenbait zerbitzu publiko oraindik euskaraz zailtasunez ematen direla identifikatu baitu, bereziki polizia eta euskal osasun zerbitzua.

    Arartekoak parte hartu du ebaluazio-prozesu horretan, Adituen Batzordeak gonbidatuta, 2024ko urtarrilean Iruñean egin zen bilerara joan baitzen. Bertan, Nafarroako Arartekoarekin batera, euskararen babesaren arloko azken nobedadeak eztabaidatu zituen, bi defentsa-erakundeek egiten duten lanaren harira. Ildo horretan, Europako Kontseiluaren txostena bat dator Arartekoarekin, Arartekoak Adituen Batzordeari helarazi zizkion euskararen babesgabetasun-eremuak nabarmendu baititu, hala nola justizia edo EAEko Estatuko Administrazioa. Arartekoak kezka hori helarazi ahal izan die aurten Estatuko Administrazioko eta justiziako arduradunei.

  • Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari gomendatzen dio jarduketa administratiboa egin dezala behar bezalako segurtasun juridikoa bermatzeko babes publikoko etxebizitzak alokairu-araubidean zuzenean adjudikatzeko administrazio-prozeduran. Halaber, udalaren gizarte-zerbitzuei eskatzen die berariaz...
  • Euskal aireportu batean lan egiten duen herritar batek kexa egin ondoren sortu zen gomendio hau. Izan ere, kexagileak polizia-aurrekariak zituenez gero, bere lantokian ukatu egin zioten segurtasun-eremu mugatura (SEM) sartu ahal izatea, nahiz eta, lehenago, organo judizialek behin-behinean largetsi zituzten aurrekari haiekin zerikusia zuten auzi judizialak. 

    Herritarrak bere datu pertsonalak zuzendu zitzaten eskatu zuen, bere egungo egoera isla zezaten eta SEMera sartzen utzi ahal izan ziezaioten, bada eremu horretara sartzerik ez izateak ondorioak izan zitzakeen bere lana burutzean.

    Aurrekari penalik ez zuela zioen ziurtagiri bat zeukan arren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuordetzak partzialki ezetsi zuen herritarraren eskaera, bere erabakia datuak helburu penalekin tratatzea arautzen duen araudian oinarrituz, eta auzi judizialak behin-behinean largetsita egonda ere, aurrekariak etorkizunean berriz ireki zitezkeela eta, beraz, gorde egin behar zirela argudiatuz.

    Arartekoak, bere ebazpenean, bereizi egiten ditu polizia-datuen baseetan oharrak gordetzea eta datu horiek konstituzio-eskubideak (adibidez, aske zirkulatzea) murrizteko neurriak hartzeko erabiltzea.

    Argudiatu duenez, aurrekariak behin-behinean largesteak berekin dakar akusatzeko froga nahikorik ez izatea, eta kasua berriz irekitzen ez den bitartean, kexagilea bere eskubide guztien titulartzat hartu behar da erabat. Horrela, zalantzan jartzen du sail horrek SEMera sartzeko egokitasuna ukatzeko erabakia, eta iradoki du administrazioak kexagilearen oinarrizko eskubideak haztatu behar dituela, hala nola lanerako eta lurraldean barrena aske zirkulatzeko eskubidea, segurtasun publikoarekin lotuta.

    Laburbilduz, Arartekoak administrazio horri gomendatu dio berriz azter dezala kexagilea SEMera sartzeko egokitasun-balorazioa, proportzionaltasun printzipioa kontuan hartuz eta behar bezala haztatuz ea pertsona horren jokabideak gaur egun ordena publikorako edo segurtasun publikorako mehatxu egiazkoa eta behar bezain larria dakarren, eskubide-murrizketa hori justifikatu ahal izateko.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 20a

  • Pertsona batek kexa aurkeztu zuen Arartekoan, ez zegoelako ados Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Arabako Lurralde Ordezkaritzan aurrez aurreko eta telefono bidezko arretarik ez ematearekin. Kexagileak azaldu zuenez, administrazioarekin telefono bidez hitz egiten saiatu zen, baina, erantzunik jaso ez zuenez, posta elektroniko bidez lurralde-ordezkaritzarekin harremanetan jartzea erabaki zuen. Ondoren, Sailaren mezu elektroniko bidez eman zitzaion erantzunarekin ados ez zegoenez, zerbitzu eskudunarekin aurrez aurreko bilera eskatu zuen. Hala ere, ez zuen erantzunik jaso.

    Arartekoak Hezkuntza Sailaren lankidetza eskatu zuen herritarrei arreta emateko duten eredua ezagutzeko. Halaber, kexagilearen arazo zehatza jorratzeko harekin bilera bat ez egiteko arrazoia zein zen ere galdetu zuen. Sailak bere erantzunean azaldu zuenez, laburbilduz, lurralde-ordezkaritzak enplegatu publikoei soilik ematen die arreta. Izan ere, ez dauka herritarrei arreta emateko zereginik esleituta, eginkizun hori Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Herritarrak Hartzeko Zerbitzuari baitagokio (Zuzenean). 

    Ebazpenean, Arartekoak hezkuntzaren eremuan herritarren arretari buruzko araudi espezifikoa garatzeko beharra azpimarratzen du, kontuan hartuta indarrean dagoen araudia ordezko moduan aplikatzen dela Sailean. Horregatik, Hezkuntza Sailari gomendatzen dio herritarren arretarako eredua arautu dezala eta, bien bitartean, herritarrei informazioa emateko kanal eta zerbitzuen funtzionamendua argitu eta zehaztu dezala. Gainera, Arartekoak Sailari eskatu dio Zuzenean zerbitzuarekin duen koordinazioa hobetzeko, arreta integral eta eraginkorra bermatzeko eta, hala, herritarrei beren eskubideak baliatu eta betebeharrak betetzeko erraztasunak emateko.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 16a
     

  • Herritar batek, alokairu-araubidean dagoen babes publikoko etxebizitza baten pareko etxebizitza baten errentaria denak, Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen ez zegoelako ados Alokabide sozietate publikoak matxuratutako bitrozeramika baten diagnostikoa egiteko kontrataturiko zerbitzu teknikoak emandako faktura bat ez ordaintzeko hartu zuen erabakiarekin.

    2023ko apirilean, kexagileak sozietate publikoari jakinarazi zion bitrozeramika matxuratuta zegoela eta adierazi zuen etxetresna zaharra zela.

    Erantzute aldera, Alokabideko langileek jakinarazi zioten zerbitzu tekniko ofizialarekin harremanetan jarri behar zela kasua baloratzeko eta dagokion konponketa egiteko. Zenbait egun beranduago, kexagileak bidali zion, mezu elektroniko bidez, zerbitzu teknikoak egindako balorazioa eta faktura sinplifikatua, guztira 66,55 euro.

    Alokabidek erabaki zuen bitrozeramika ez konpontzea eta kexagileak berriz ere eskatu zuen zenbatekoa itzultzeko, zeina teknikarien zerbitzuagatik ordaindu behar baitzuena. Beste behin esan zuen ez zegokiola berari matxura konpontzea, izan ere, ez zen egiaztatu bitrozeramika txarto erabili zenik. Ondorioz, uste zuen ez zegokiola berari matxuraren garrantzia egiaztatzeko etxebizitzara joan ziren teknikariak kontratatzeko gastuak ordaintzea.

    Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren laguntza eskatu zuen eta zenbait gogoeta jakinarazi zizkion. 

    Arartekoaren iritziz, errentariari ezartzen bazaio kontratua amaitzean etxebizitza jaso zuen bezalaxe itzultzeko betebeharra, bidezkoa da errentatzaileari ezartzea kontratuaren indarraldian zehar etxea egoera egokietan mantentzeko beharrezkoak diren konponketak egiteko betebeharra. Hau da, errentan hartutako etxebizitza kontserbatzearen printzipioa ez da bakarrik obrei buruzkoa, eta behar diren konponketak eta emandako zerbitzu teknikoa ere hartzen ditu barne.

    Gainera, kasu honetan, ez da frogatu bitrozeramika gaizki erabili denik. Kontuak hartuta etxetresna zaharra dela, badirudi matxura aparatuaren erabilera luzearen eta bizi-zikloaren beraren ondorio dela.

    Etxebizitza Sailak, azkenean, ebatzi du kexagileak ordaindutako zenbatekoa itzultzea.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 12a
     
     

  • Arartekoak gaitzespen tinkoena adierazi nahi du indarkeria matxistaren hilketarekiko. Biktima bikotekideak hil du gaur goizaldean, Bilbon. Beste emakume bat hil dute gaur Euskadin indarkeria matxista dela-eta. Gertakari horrek sakonki hunkitzen du euskal gizartea. Arartekoa bat dator emakume honen hilketak sortzen duen tristura eta haserrearekin, eta berdintasunaren balioa eta matxismoaren aurkako borroka inoiz baino gehiago indartzeko deia egiten du.

    Arartekoa, Euskadiko herritarren eskubideak defendatzen dituen erakundea den aldetik, emakumearen familiako kideek eta gertuko pertsonek sentitzen duten atsekabeari dagokionez, elkartasuna eta laguntzeko prest dagoela adierazi nahi du, bai eta hilketa gaitzesgarri honen aurkako dolumin zintzoenak adierazi ere.

    Arartekoak espero du hemendik aurrera egingo diren ikerketa polizial eta judizialek gertaerak argitzea, bai eta horietatik erator daitekeen erantzukizun guztia argiztatzea ere. Halaber, gizarte eta erakunde guztiei eskatzen die adi egoteko matxismoaren eta matxismoaren adierazpen guztien aurrean. Hala, irmoki aldarrikatu behar da premiazkoa dela emakume guztien berdintasunaren, duintasunaren eta eskubide osoen balioak gure giza harreman guztiak eraikitzeko nahitaezko oinarri izatea.

    Inés Ibáñez de Maeztu, Arartekoaren laguntzailea, gaur Bilboko Udalean egin den kontzentrazioan egon da, gertakaria gaitzesteko.


    Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 12a

Vitoria-Gasteiz
Ararteko

Arartekoak, kexa bati dagokionez, amaitu du bere esku-hartzea; izan ere, Alokabidek herritar bati itzuli baitio matxura balioztatzeko zerbitzu teknikoak esku hartzeagatik ordaindutako zenbatekoa

Herritar batek, alokairu-araubidean dagoen babes publikoko etxebizitza baten pareko etxebizitza baten errentaria denak, Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen ez zegoelako ados Alokabide sozietate publikoak matxuratutako bitrozeramika baten diagnostikoa egiteko kontrataturiko zerbitzu teknikoak emandako faktura bat ez ordaintzeko hartu zuen erabakiarekin.

2023ko apirilean, kexagileak sozietate publikoari jakinarazi zion bitrozeramika matxuratuta zegoela eta adierazi zuen etxetresna zaharra zela.

Erantzute aldera, Alokabideko langileek jakinarazi zioten zerbitzu tekniko ofizialarekin harremanetan jarri behar zela kasua baloratzeko eta dagokion konponketa egiteko. Zenbait egun beranduago, kexagileak bidali zion, mezu elektroniko bidez, zerbitzu teknikoak egindako balorazioa eta faktura sinplifikatua, guztira 66,55 euro.

Alokabidek erabaki zuen bitrozeramika ez konpontzea eta kexagileak berriz ere eskatu zuen zenbatekoa itzultzeko, zeina teknikarien zerbitzuagatik ordaindu behar baitzuena. Beste behin esan zuen ez zegokiola berari matxura konpontzea, izan ere, ez zen egiaztatu bitrozeramika txarto erabili zenik. Ondorioz, uste zuen ez zegokiola berari matxuraren garrantzia egiaztatzeko etxebizitzara joan ziren teknikariak kontratatzeko gastuak ordaintzea.

Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren laguntza eskatu zuen eta zenbait gogoeta jakinarazi zizkion. 

Arartekoaren iritziz, errentariari ezartzen bazaio kontratua amaitzean etxebizitza jaso zuen bezalaxe itzultzeko betebeharra, bidezkoa da errentatzaileari ezartzea kontratuaren indarraldian zehar etxea egoera egokietan mantentzeko beharrezkoak diren konponketak egiteko betebeharra. Hau da, errentan hartutako etxebizitza kontserbatzearen printzipioa ez da bakarrik obrei buruzkoa, eta behar diren konponketak eta emandako zerbitzu teknikoa ere hartzen ditu barne.

Gainera, kasu honetan, ez da frogatu bitrozeramika gaizki erabili denik. Kontuak hartuta etxetresna zaharra dela, badirudi matxura aparatuaren erabilera luzearen eta bizi-zikloaren beraren ondorio dela.

Etxebizitza Sailak, azkenean, ebatzi du kexagileak ordaindutako zenbatekoa itzultzea.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 12a