Arartekoak laguntza eskatu dio Bilboko Udalari aparkatzeko ordutegi txartelaren tarifa orokorra aldatzeko, izan ere, egungo konfigurazioak gaitasun ekonomikoaren eta berdintasun printzipioak urratzen ditu

Herritar batek Arartekoan aurkeztutako kexa baten bidez zalantzan jarri zuen, berdintasun eskubidearen ikuspegitik, Bilboko Udalak TAO gunean aparkatzean lehenengo hamabost minutuetan ematen ari den tratamendu desberdintasuna, baimena parkimetroen bidez edo Bilbao Park App aplikazioaren bidez eskuratzearen arabera. 

Adierazi zuenez, txartela parkimetroetan ateraz gero, ibilgailua aparkatzeko 0,10 euro ordaindu behar ziren; aldiz, Bilbao Park App aplikazioaren bidez, baimena doakoa zen. 

Interesduna ez zegoen ados neurriarekin eta hala jakinarazi zion Bilboko Udalari erregistratutako idazki baten bidez. 

Mugikortasun eta Jasangarritasun Arloak idazki horri erantzuteko 2020. urteari zegokion ordenantza fiskalak onetsitakoa egiaztatu besterik ez zuen egin. Hau da, ordenantza fiskalak onetsitakoaren arabera, hamabost minuturako txartela doakoa izango zen aplikazioaren bidez eskuratzen bazen, eta aldiz, parkimetroaren bidez ateratzen bazen, 0,10 euro ordaindu beharko ziren. Aurreikuspen hori, bidalitako erantzunaren arabera, bat zetorren Trafikoko eta Aparkatzeko Ordenantzan jasotakoarekin. 
Arartekoak Udalari eskatu zion argitzeko zergatik eman zien bere ordenantza fiskalak tratamendu desberdina bi egoera horiei. Gainera, interesdunen eskaerak berariaz ebazteko betebeharra gogorarazi zion.

Mugikortasun eta Jasangarritasun Arloak hurrengoa besterik ez zuen erantzun: “neurri horren bidez aplikazioa gehiago erabiltzea sustatu nahi da, pixkanaka parkimetroak ordezkatze aldera, irisgarritasun politikei dagokienez aurrera egiteko”.

Herritarren kexaren helburua ez da aztertzea ordenantza fiskala Tokiko Ogasunen araudiak ezartzen duen prozeduraren arabera onetsi den, baizik eta jakitea bere aurreikuspenak bat datozen berdintasun eskubidea bermatzearekin. Hau da, TAO gunean aparkatzeko baimena eskuratzeko modua (parkimetroa edo aplikazioa) nahikoa irizpide den zerga baten kuota ordaintzean tratamendu desberdina justifikatzeko, edo, aitzitik, berdintasun printzipioaren aurkakoa den.

Bilboko Udalak neurri hori justifikatzeko adierazi du TAO txartelaren aplikazioa gehiago erabiltzea bultzatu nahi dela pixkanaka bide publikoetako parkimetroak kentzen joateko, hiriko sarbidea errazteko.

Kontuan izan behar da Administrazioaren zein gizartearen beraren digitalizazioak esponentzialki aurrera egiten duen arren, administrazio publikoei ere oztopoak kentzea dagokiela, inor prozesutik kanpo geratu ez dadin eta, hori dela eta, arrazoi ekonomikoak edo gaitasun digitalari dagozkion arrazoiengatik baliabide horiek erabiltzeko aukerarik ez duten pertsonen arteko eten digitalari aurre egiteko neurriak hartu behar dituzte. Nolanahi ere, ezin da baieztatu hartutako neurria arrakala digitala murrizteko helburuarekin lerrokatzen denik.

Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio aparkatzeko ordutegi txartelaren tarifa orokorra aldatzeko, izan ere, egungo konfigurazioak gaitasun ekonomikoaren eta berdintasun printzipioak urratzen ditu.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 15a


Lotutako dokumentazioa

Ebazpena