Arartekoak Lanbideri 2022an bidalitako ebazpenak bildu ditu

Aurreko urteetan bezala, Arartekoak argitara eman ditu diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren (EPO) arloan eman dituen ebazpenak eta horien laburpenak

Agiri horretan bildu dira 2022. urtean Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari egindako gomendio eta iradokizunak (Arartekoaren web orrian argitaratuak), baita horien laburpen bat ere.

Orobat, adierazten du zeintzuk onartu diren, zeintzuk dauden erantzunaren zain eta zeintzuk ez diren onartu. Horietatik guztietatik, guztira 9, 1 ez da onartu, 7 erantzunaren zain daude eta 1 amaiera-ebazpena da. Kexa-espediente bat izapidetzean Arartekoaren esku-hartzea eragin zuen arazoa konpontzen ez denean ematen dira ebazpen horiek. 

Bilduma horretan aztertzen dira DSBE eta EPO prestazioak ukatu, eten eta amaitzeari buruzko kexak, baita prestazioak erreklamatzeari dagozkionak ere. Horietan, Arartekoaren ustez, Lanbideren jarduerak ez dauka babes nahikorik araudian, ez ditu bete prozedura-bermeak, edo ez dator bat araudia interpretatzeko moduarekin edo elementu jakin batzuei beste froga-faktore batzuen aldean ematen zaien froga-garrantziarekin. 

Gainera, prozedura sinplifikatuaren bitartez amaitu dira 38 kexa-espediente. Prozedura hori erabili ohi da espedienteetako auziari buruz Arartekoak ebazpenak eman arren eta bi erakundeetako langileen arteko bileretan hura eztabaidatu arren, Lanbidek Arartekoaren gogoetak eta jarrera onartzen ez dituenean.

Hala ere, 2022. urtean amaitu diren kexa-espedienteak ixteko orduan, gehienetan kexa sortarazi zuen arazoa bideratu dela iruditu zaio erakunde honi, edo Lanbideren jarduera ez dela okerra izan.

BILDUMA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 24a