Skip to main content
  • Donostiako Udalari bidalitako ebazpen batean, Arartekoak udal horri eskatu dio berrikus ditzala bere laguntza-bulegoen jardunbideko alderdi batzuk erregistro arloan, agiriak aurrez aurre erregistratzen direnean berme juridikoak eta prozeduren segurtasuna hobetzeko.

    Ebazpenean honako gai hauekin lotutako udal jardunbideak aztertu dira: sinadura tabletan, agirien digitalizazioa eta herritarren arretarako bulegoetara joaten direnen nortasuna egiaztatzea.

    Lehenik, Ararteko erakundeak bereizi egiten ditu, batetik, sinadura interesdunaren borondatea edo adostasuna adierazteko bide gisa erabiltzea, eta bestetik, sinaduraren erabilera legez nahitaezkoa den kasuak. Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera, nahikoa da identifikatzea administrazioaren aurrean jardun gehienak egiteko, eta sinadura eska daiteke soilik eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko, errekurtsoak jartzeko edo atzera egiteko eta eskubideei uko egiteko. Horregatik, ez da bidezkoa sinadura oro har ezartzea, eta hori eskatzen denean (eskuz idatzitakoa edo elektronikoa), interesdunak sinatu duen edukiaren egiaztagiri osoa eta egiaztagarria jaso duela bermatu behar da.

    Bigarrenik, defentsa-erakunde honek azpimarratu du digitalizazio-prozesua ezin dela agiriak eskaneatzera mugatu, baizik eta balio juridiko osoa duten benetako kopia elektronikoak sortu behar dituela, edukiaren osotasuna, benetakotasuna eta trazabilitatea bermatuz. Ildo horretan, egiaztatzeko sistemak jar daitezen gomendatu du, adibidez, egiaztapen-kode segurua (EKS), erregistro-egiaztagiriak eta emandako agiriak benetakoak direla egiaztatu ahal izateko.

    Orobat, Donostiako Udalari iradoki dio hausnar ditzala tabletan jasotako sinaduraren izaera eta ondorio juridikoak, sistema horrek sinadura elektronikoen legezko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko, eta pertsonaren borondatearen eta agiri oso eta aldaezinaren arteko lotura berma dezala.

    Azkenik, Arartekoak gogorarazi dio nortasun agiri nazionala edo pareko agiria erakutsiz identifikatu behar direla aurrez aurre agiriak aurkezten dituzten pertsonak, eta ez dela beharrezkoa eskaneatzea edo kopiak gordetzea, izan ere, egiaztapenerako bitarteko elektroniko elkarreragingarriak erabili behar dira, seguruagoak eta datuen babesa hobeto errespetatzen dutenak.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 5a
     

  • Urriaren 23an, Estrasburgoko Auzitegiak A.J. eta L.E. Espainiaren aurka auziei buruzko erabakia eman zuen. Erabakian Espainia zigortzen du, mendekotasun kimikoagatik bortxatuak izan zirela salatu zuten bi emakumeren kasuan ikerketa eraginkorrik ez egiteagatik. Auzitegiak ondorioztatu du ikerketan emandako akatsek urratu egin zituztela —prozeduraren alderdian— demandatzaileen aurkako tratu ankerrak eta iraingarriak debekatzea eta haiek bizitza pribaturako duten eskubidea, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. eta 8.en artikuluek babestuta. 

    Kasuaren aurrekariak 2016koak dira, orduan bi emakumek salatu baitzuten bortxaketa jasan zutela Iruñean, mendekotasun kimikoagatik. Joan ziren osasun-zentroak sexu-erasorako protokoloa aktibatu zuen, eta gertatutakoaren berri eman zion Polizia Nazionalari. Poliziak ikerketa abiatu zuen, eta susmagarriak atxilotu egin zituzten, zeinek sexu-harremanak izan zituztela aitortuta, baimena eman zietela argudiatu zuten. Ikerketan zehar, akusatuetako bat ikerketa-unitateko agente baten koinatua zela jakin zen, eta prozesuan zehar funtsezko frogak galdu edo manipulatu ziren.

    Zigor-arloko prozesuan, instrukzio-epaitegiak, demandatzaileen testigantzak sinesgarritzat jo arren, susmagarriak ez auzipetzea erabaki zuen, froga eztabaidaezinik ez zegoelako. Frogen erabileran izandako irregulartasunengatik kausa bereiziak ireki baziren ere, batek ere ez zuen aurrera egin. Urte batzuk geroago, prozesuaren kausa nagusia behin betiko artxibatu zen, ez baitzen egiaztatu substantziak ematea edo baimenik ez ematea arrazoizko zalantza orotatik haratago. Epaitegiek onartu zuten irregulartasunek eta froga digitalen desagerpenak "eragin handia" izan zutela ikerketan, baina diligentziak zehatzak izan zirela ondorioztatu zuten.

    Bere erabakian, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ondorioztatzen du Espainiako agintariek ez zutela ikerketa eraginkorrik egin, bereziki funtsezkoak izan zitezkeen frogak sistematikoki galdu eta manipulatu zirelako, ikerketan independentzia nahikoa bermatu ez zelako eta akats horien aurrean erantzun nabarmen desegokia eman zelako, "akats isolatuak" edo ikerketan egindako omisio txikiak gainditzen zituztelako. Agintariek egindako jarduerek ez zuten lortu mendekotasun kimikoaren salaketetarako funtsezkoak ziren frogen galera konpentsatzea. Gainera, poliziaren jokabide txarrari buruzko ikerketak denbora luze baten ondoren hasi ziren, eta jatorrizko ikerketa gainbegiratu zuten organo judizial eta polizialen esku utzi ziren.

  • 2025eko urriaren 7an, Europako Kontseiluak Pertsona intserxualen eskubide berdintasunari buruzko Ministroen Batzordearen CM/Rec (2025)7 Gomendioa onartu zuen. Gomendioak pertsona intersexualen eskubideak berdintasunez babesteko, errespetatzeko eta gozatzeko ikuspegi integral bat proposatzen du, eta Sexu-orientaziogatiko edo genero-identitateagatiko diskriminazioari aurre egiteko neurriei buruzko CM/Rec (2010)5 Gomendioa osatu eta zabaldu nahi du. 

    Gomendioak argi eta garbi eskatzen die agintariei baimendu gabeko esku-hartze medikoak debekatzen dituzten lege eta politika publikoak har ditzatela, eta bermatu dezatela haur intersexualen edozein esku-hartze atzeratu egingo dela beren kabuz erabaki ahal izan arte. Era berean, arreta medikoa jasotzeko aukera zuzena ematea gomendatzen du, bai eta bizitzako esparru guztietan pertsona intersexualen indarkeria, diskriminazioa eta bazterketa prebenitzea ere.

    Europako Kontseiluak gomendioaren alderdi hauek nabarmendu ditu:

    • Pertsona intersexualen esperientzia, erronka eta ahultasun bakarrak ezagutzen ditu, diskriminazioa, estigmatizazio, marjinazioa, gizarte-bazterketa eta indarkeria barne, sarritan patologizazioan eta sexualitatearekin eta generoarekin lotutako estereotipoetan errotuak, ongizate fisikoari eta mentalari larriki eragiten diotenak.

    • Baieztatzen du pertsona intersexualen giza eskubideak berdintasunez babestu, errespetatu eta gozatzeko, ikuspegi integralak eta koherenteak behar direla, sektore guztietan egokiak diren legeria, politikak eta bestelako babes-neurriak barne hartzen dituztenak, modu eraginkorrean aplikatzen direnak eta aldian-aldian berrikusten direnak, datuen bilketaren eta azterketaren laguntzarekin.

    • Pertsona intersexualen eta haien erakundeen parte-hartzen esanguratsuaren garrantzia nabarmentzen du, Estatuen ahalegin iraunkorrekin eta maila guztietako erakunde eta gizarte zibileko lankidetzarekin batera. 

    • Nazioko, Europako eta nazioarteko elkarrizketa eta lankidetza sustatzen ditu, pertsona intersexualen berdintasunean eta duintasunean aurrera egiteko.

    Gomendioekin batera aurkeztu ohi den azalpen-memorandumak nabarmentzen du Espainia dela tratamendu edo/eta ebakuntza mediko edo kirurgikoak murrizteko legeria espezifikoa onartu duen estatu kide bakarretakoa, ukitutako pertsona intersexualaren baimen espezifiko, oso, aske eta informaturik ez dagoenean (Transen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrari eta LGTBI Pertsonen Eskubideak Bermatzeari Buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 19. artikuluari erreferentzia eginez). Azpimarratu du, halaber, Espainia dagoela pertsona intersexualak esplizituki babesten dituen herrialdeen artean, sexuaren ezaugarria babestutako arrazoi gisa hartuta, diskriminazioaren aurka enpleguan, bai eta ondasunak eta zerbitzuak ematean ere.

     

  • Egoitza elektronikoko mantentze-lanetarako oharra Hobekuntza- eta mantentze-lan teknikoak direla eta, jakinarazten da azaroan, egun hauetan eta 14:00etatik aurrera, Arartekoren egoitza elektronikorako sarbidea ez egongo dela erabilgarri:

    Egunak:

    • Azaroak 4, asteartea
    • Azaroak 6, osteguna
    • Azaroak 11, asteartea
    • Azaroak 13, osteguna
    • Azaroak 18, asteartea
    • Azaroak 20, osteguna

    Egun horietan, ezingo dira izapide elektronikoak egin gure egoitza elektronikoaren bidez.

    Barkamena eskatzen dizuegu eragozpenengatik eta eskertzen dugu zuen ulermena. Zerbitzu seguruago eta eraginkorrago bat eskaintzeko lanean ari gara.

    Edozein zalantza edo arreta-behar izanez gero, gure arreta presentzialeko bulegoetara jo dezakezu, edo gure webgunean eskuragarri dauden telefono eta posta elektronikoko kanalak erabili.

  • Arartekoak izapidetzeko onartu zuen Uribitarte Anaitasuna auzo-elkarteak egindako kexa bat. Elkarteak Zabalguneko udal-aparkalekuari buruzko informazioa eskatu zion Bilboko Udalari, eta hark datu-taula baten bidez erantzun zion, ebazpen formalik eman gabe. Gero, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari (IPSEB) ere idatzi zion; hark onartu egin zuen elkartearen kexa, eta udalari eskatu zion eman zezala aparkalekuen itxaron-zerrendan zeuden Abando auzoko biztanleen zerrenda anonimizatua. 

    Arartekoaren iritziz, udalak ez zuen eskaera epe barruan eta behar bezala ebatzi, eta ez onartzeko arrazoi bat aipatu zuen epez kanpo, ustezko “informazioa berriz lantzean” oinarrituta, nahiz eta IPSEBek ordurako interpretatuta zuen elkarteak baliatutako eskubidearen mamia eta irismena. Era berean, azpimarratu du udalak prozeduran zehar ez ziola IPSEBi alegaziorik aurkeztu, eta horrek mugatu egin zuela bere defentsarako eskubidea, baita ere informazioa eskuratzeko eskubidea bermatzen duen organoarekin behar bezala lankidetzan aritzea. 

    Arartekoaren ebazpenak gogorarazten du informazio publikoa lortzeko eskubidea gardentasunaren, motibazioaren eta legeriak ezarritako epeak errespetatzearen printzipioen arabera gauzatu eta ebatzi behar dela, eta IPSEBek bere iritzia azaldu ondoren, haren edukiarekiko desadostasuna bide jurisdikzionaletatik bideratu behar dela, eta ez gai berari buruzko administrazio-ebazpen berrien bidez. 

    Beraz, erakunde honek Bilboko Udalari gomendatzen dio epe barruan eta arrazoitutako ebazpen baten bidez izapidetu ditzala informazioa lortzeko eskaerak, behar bezala justifika dezala eskaerak ez onartzeko edozein muga edo arrazoi, eta IPSEBen eginkizunak errespeta ditzala eta harekin aktiboki elkarlanean aritu dadila, haren ebazpenak betez edo legez aurreikusitako bideetatik aurkaratuz.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 30a
     

  • Arartekoak azpimarratu du segurtasun juridiko handiagoa eta ziurtasuna eman behar zaizkiola errentamendu-erregimeneko babes publikoko etxebizitzak zuzenean esleitzeko administrazio-prozedurari
Vitoria-Gasteiz
Ararteko

Arartekoak Lapuebla de Labarcako Udalari gomendatu dio erantzun diezaiola ingurumen arloko salaketa bati eta beharrezko neurri zuzentzaileak eska ditzala etxeko eskorta-jarduera bat arautzeko

2023ko apirilean, Lapuebla de Labarcako biztanle batek Arartekora jo zuen, herri horretako udalak ez baitzuen esku hartzen bere etxe ondoko txakurtegiko zaratak eta usainek sortutako eragozpenak zuzentzeko. 

Kexagileak azaldu zuenez, bere etxe ondoan dagoen orube batean, txakur talde bat bizi zen kanpoan, eta beste talde bat finkaren barruan. Horregatik, bere ustez, orube horretan txakur zaintza egiten zen, nahiz eta jarduera hori burutzeko baimenik ez izan eta gutxieneko osasungarritasun- eta segurtasun-baldintzak ez bete. Era berean, salatu zuen finkaren egoera desegokia zenez gero, jarduera usain-arazo larriak sortzen ari zela. Animalien zaunkek zarata-eragozpen larriak sortzen zituztela ere aipatu zuen. 

2022ko uztailean eta 2023ko urtarrilean, herritar horrek salaketa aurkeztu zion Lapuebla de Labarcako Udalari, baina ez zuen erantzunik jaso. 

Bestalde, jarritako salaketen arabera, arau-hauste askoren zantzuak daudela azaldu zuen, bai Euskal Herrian etxeko animaliak babesteko araudiari dagokionez, bai txakurrak edukitzeari buruzko udalerriko ordenantzari dagokionez, baina oraindik ez dela inolako neurririk hartu sortutako kalteak saihesteko. 

Arartekoak informazioa eskatu zion udalari, eta hark txosten bat bidali zuen. Bertan, udalak nabarmendu zuen zenbait jarduera egin zituela kasu horren inguruabar zehatzak ezagutzeko eta zehapen-prozedura bat hastea komeni zen ala ez jakiteko. 

Laburbilduz, txostenean adierazi zen jabetza pribatu batean hamar animalia baino gutxiago edukitzea ezin zela sartu gune zoologikoaren kontzeptuan, ezta jarduera sailkatuaren kontzeptuan ere. Beraz, bere iritziz, salatutako egintzak ez ziren zehatzeko modukoak. 

Hala ere, Arartekoak uste du ingurumenaren ikuspegitik begiratuta, salatutako jarduera eta instalazio hori jarduera sailkatuaren aldez aurreko jakinarazpenaren mende dagoela, izan ere, kalteak sor diezazkieke ingurumenari, pertsonei edo haien ondasunei, halako kalteak eragiteko arriskuak sor ditzake, edo eragozpenak pertsonei. 

Gainera, txakurrak edukitzea eta babestea arautzeko ordenantzak berariaz debekatzen du txakurrak normalean balkoietan, pabilioietan, lorategietan edo beste edozein lokal edo hiri-lursailean edukitzea, baldin eta eragozpen objektiboak sortzen badizkiete bizilagunei edo oinezkoei. 

Arartekoaren aburuz, Lapuebla de Labarcako Udalak ez du begiratu, ikuskatu eta zehatu txakurrak zaintzeko etxeko eskorta-jarduera hori ingurumen-araudiak eta udal ordenantzak eskatzen duten moduan. Horregatik, gomendatu dio Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorrean jasotakoaren arabera, arautu dezala etxeko eskorta-jarduera eta beharrezko neurri zuzentzaileak har ditzala salatutako eragozpenei erantzuteko.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 9a