Arartekoak nazioarteko babesaren eskatzailea den familia bati bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ukatzeko ebazpena berrikusteko gomendatzen dio Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari
herritar batek Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpenarekin ados ez zegoelako. Ebazpen horren bidez bere bizikidetzako unitateari ukatu egin zitzaion bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarako eskubidea aintzatesteko eskaera. Kexagileak bizikidetzako unitate bat eratzen du bere bikotekidearekin eta biena den adingabeko seme batekin.
Pertsona hauek nikaraguarrak dira eta nazioarteko babesa eskatu zuten. Nazioarteko babesaren eskaera 2020ko otsailean aurkeztu zuten. Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eskatu zuten unean nazioarteko babesaren eskatzaileak zirela eta eskaera hori izapidetzen ari zela egiaztatzen zuen agiria zuten, eta egoera hori etenik gabe urtebete baino gehiagoz mantentzen zutela egiaztatzen zuten.
2023ko urtarrilean Lanbidek kexagileari jakinarazi zion ukatu egiten ziola bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa jasotzeko eskubidea, ez zuelako Espainian legezko eta benetako bizilekua izatearen eta gutxienez aurreko urtean bizileku hori etengabe eta era iraunkorrean edukitzearen baldintza betetzen. Lanbideren iritziz nazioarteko babesaren eskaerak ez du legezko bizileku hori edukitzerik egiaztatzen, interpretazio hori babesten duten erabaki judizialak, Arartekoaren ebazpenetan jasotzen direnak, gorabehera.
Kexa izapidetu den bitartean erakunde honek jakin du bizikidetzako unitateko kideek aurkeztutako nazioarteko babesaren eskaera ukatu egin dela eta, ondorioz, bidezko errekurtsoa aurkeztu dutela epearen barruan, eta izapide horrek nazioarteko babesaren eskatzaile gisa dituzten eskubideak luzatu ditu. Horren ondorioz agiri-erregulartasun egoera egiaztatzen duen ziurtagiri bat dute. Guk daukagun informazioaren arabera bizikidetzako unitateko kideetako bat, aita, atzerritartasun-araubidearekin bat jaulkitako lan- eta egoitza-baimen baten titularra da, eta duela gutxi agiri horiek berritu egin zaizkio.
Arartekoaren ustez, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren aintzatespena eskatzen duten bizikidetzako unitateko kide guztiek legeak ezartzen duen legezko eta benetako bizilekua egiaztatuta edukitzearen betekizuna betetzen zuten, nazioarteko babesaren eskaera izapidetzeko onartu baitzen.
Horregatik, Arartekoak Lanbideri bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ukatzeko ebazpena berrikus dezala gomendatzen dio, kexagileak eta bere bizikidetzako unitateko kideek Espainian legezko eta benetako bizilekua izateko baldintza betetzen zutelako eta betetzen dutelako eta egoitza hori jarraian eta etenik gabe eskaera aurkeztu eta gutxienez aurreko urtean mantendu dutelako.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 19a