Arartekoak ofiziozko jarduera bat bukatu du, Martuteneko eraikin batean etxegabe batzuk irtenarazteari buruz
Arartekoak jarduera bat hasi zuen ofizioz, eta Donostiako Udalari argibide gehiago eskatu zizkion hedabideetan zabaldu zen berri honen gainean: martxoan, Martuteneko eraikin batean etxegabe batzuk irtenarazi zituztela.
Egunkarietako informazioaren arabera, Udaltzaingoak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak parte hartu zuten operazio batean, hainbat lagun identifikatu zituzten eta haietako batzuk Polizia Nazionalaren esku jarri zituzten, haien bizilekuaren administrazio-egoerarekin lotutako izapideak egiteko. Orobat, adierazi zen jarduera hura, ustez, segurtasun arrazoiengatik egin zela, eta eraikin hori kokatuta dagoen auzoko bizilagunek kexak eta salaketak egin zituztelako. Eraikineko pertsona gehienak etorkinak ziren eta bizitegi-bazterketa larriko egoeran zeuden.
Hala ere, udalak emandako informazioaren arabera, jarduera haren helburua ez zen inor irtenaraztea, baizik eta eraikinean zeuden lagunak identifikatzea.
Egoitza-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonez egiten ari diren zenbaketek eta azterlanek erakusten dutenez, 2012tik etengabe gehitzen ari da Euskadin etxerik gabe bizi diren pertsonen kopurua, zehazki, Donostian. Beraz, badirudi jarduera isolatu horrek ez diola erantzuten aldez aurretik adostutako plan bati, non kontuan hartzen diren etxegabetasunaren arazoaren dimentsio anitzak. Horregatik, azpimarratu du udalerri horretarako osoko plan bat behar dela, eta koordinazio handiagoa -barnekoa nahiz kanpokoa- administrazioen eta inplikatutako eragileen artean.
Arartekoak, bere gomendio orokorra egin zuenetik, pandemiaren ondoriozko konfinamenduaren ondoren, baita gomendioa betetzen den aztertu ostean ere, behin eta berriz adierazi du administrazio publiko eskudunek zenbait jarduera burutu behar dituztela.
Arartekoak ondorioztatu duenez, abandonatutako eraikin horretan bizi ziren lagunak identifikatzeko asmoz poliziak egin zuen esku-hartzea, beste neurri batzuetatik bereizita, ez da mesedegarria etxegabetasunaren arazoari osoko erantzuna emateko. Horren ordez, plan eta programa estrategikoak benetan aplikatzea aldezten du, adibidez, lehen aipaturiko Egoitza Bazterketa Larriaren aurkako II. Euskal Estrategia (2024-2028) eta Herritartasun, Immigrazio eta Asiloko VI. Kultura arteko Plana (2022-2025). Horrela, arlo horretako edozein esku-hartzek bultzatzen ari diren politika publikoen koherentzia bermatu behar du, baita sistema publikoen eta administrazio eskudunen arteko koordinazioa ere.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 9a