Arartekoak Osakidetzari iradoki dio hausnar dezala zer interes publiko lortu nahi den Mutualiak Gizarte Segurantzarekin sinaturiko hitzarmen baten bidez

Herritar batek esku hartzeko galdegin zion Arartekoari, izan ere, baliteke datuak babesteko araudia ez bete izana Osakidetzak eta Mutualiak osasun-datuak lagatzeko sinatu zuten hitzarmen batean. 

Kexagileak hitzarmenaren xedearen inguruan emandako informazioaz eta Arartekoak hedabideetan eta Eusko Jaurlaritzaren web orrian aurkitutakoaz gain, Osakidetzari argibideak eskatu genizkion, gai hauen berri izateko: sinaturiko tresna juridikoa, datuak babestearen arloan aplikatzekoa den zilegitasuna, baita segurtasun teknikoarekin lotutako beste alderdi batzuk ere, aldeen arteko harremanei buruzkoak.

Osakidetzak erantzun zuen hitzarmenaren helburua, nagusiki, osasun-tratamenduak bizkortzea eta proba medikoen errepikapena saihestea zela, historia klinikoen koordinazioan oinarrituta. Era berean, administrazio horrek pazienteen onespenean oinarritu zuen hitzarmen-sinatzaileen artean datu-lagapena gaitzeko zilegitasuna.

Hori guztia oinarritzat hartuta, Arartekoak ebazpen bat eman du. Horren bidez, Osakidetzari iradoki dio hausnar dezala zer interes publiko lortu nahi den hitzarmen hori sinatuz, hitzarmenaren xedean eta garapenean ez baita berariazko aipamenik egiten Euskadiko osasun-sistema publikoko pazienteei eman nahi zaien zerbitzu publiko eta asistentzial horren eskumenaz.

Orobat, Osakidetzari iradoki dio kontuan har ditzala araudia eta datuak babesteko agentzien doktrina-interpretazioa, bada administrazioaren jarduerek, oro har, legezko betebehar bat bete behar dute, edo interes publikoko helburu bat, edo botere publikoak gauzatu behar dituzte.

EBAZPENA

2023ko martxoaren 21a