Arartekoak Segurtasun Sailari gomendatu dio balorar dezala aireportu bateko langile baten konstituzio-eskubideetan zer-nolako ondorioak sor ditzakeen segurtasun-eremu mugatura sartzeko egokitasuna ukatzeak
Euskal aireportu batean lan egiten duen herritar batek kexa egin ondoren sortu zen gomendio hau. Izan ere, kexagileak polizia-aurrekariak zituenez gero, bere lantokian ukatu egin zioten segurtasun-eremu mugatura (SEM) sartu ahal izatea, nahiz eta, lehenago, organo judizialek behin-behinean largetsi zituzten aurrekari haiekin zerikusia zuten auzi judizialak.
Herritarrak bere datu pertsonalak zuzendu zitzaten eskatu zuen, bere egungo egoera isla zezaten eta SEMera sartzen utzi ahal izan ziezaioten, bada eremu horretara sartzerik ez izateak ondorioak izan zitzakeen bere lana burutzean.
Aurrekari penalik ez zuela zioen ziurtagiri bat zeukan arren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuordetzak partzialki ezetsi zuen herritarraren eskaera, bere erabakia datuak helburu penalekin tratatzea arautzen duen araudian oinarrituz, eta auzi judizialak behin-behinean largetsita egonda ere, aurrekariak etorkizunean berriz ireki zitezkeela eta, beraz, gorde egin behar zirela argudiatuz.
Arartekoak, bere ebazpenean, bereizi egiten ditu polizia-datuen baseetan oharrak gordetzea eta datu horiek konstituzio-eskubideak (adibidez, aske zirkulatzea) murrizteko neurriak hartzeko erabiltzea.
Argudiatu duenez, aurrekariak behin-behinean largesteak berekin dakar akusatzeko froga nahikorik ez izatea, eta kasua berriz irekitzen ez den bitartean, kexagilea bere eskubide guztien titulartzat hartu behar da erabat. Horrela, zalantzan jartzen du sail horrek SEMera sartzeko egokitasuna ukatzeko erabakia, eta iradoki du administrazioak kexagilearen oinarrizko eskubideak haztatu behar dituela, hala nola lanerako eta lurraldean barrena aske zirkulatzeko eskubidea, segurtasun publikoarekin lotuta.
Laburbilduz, Arartekoak administrazio horri gomendatu dio berriz azter dezala kexagilea SEMera sartzeko egokitasun-balorazioa, proportzionaltasun printzipioa kontuan hartuz eta behar bezala haztatuz ea pertsona horren jokabideak gaur egun ordena publikorako edo segurtasun publikorako mehatxu egiazkoa eta behar bezain larria dakarren, eskubide-murrizketa hori justifikatu ahal izateko.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 20a