Arartekoak Vitoria-Gasteizko Udalari gomendatu dio berriz azter dezala Eusko Jaurlaritzari etxebizitza bat zuzenean adjudikatzeko eskaera ez egiteko erabakia
Arartekoak Vitoria-Gasteizko Udalari eskatu dio berriz azter dezala babes publikoko etxebizitza baten ezohiko adjudikazioa proposatzeko duen ahalmena ez gauzatzeko erabakia, zaurgarritasun-egoeran dagoen familia bati adjudikatzeko. Bizikidetza-unitatea osatzen dute desgaitasuna eta mendekotasuna duen emakume batek, bere bikotekideak eta adin txikiko bere bi semeek. Halaber, botatze judizial bati aurre egin behar diote alokairua ez ordaintzeagatik (bertan behera gelditu da bitan). Udalak adierazi du ezin diola lehentasuna eman kasu horri; izan ere, 2024ko azken hiruhilekoan Etxebiden 14.000 pertsona zeuden inskribatuta Arabako lurraldean.
Aitzitik, Arartekoak argudio hori ukatu du, nahikotzat jotzen ez duelako. Halaber, gogorarazi du araudiak bereziki babesten dituela desgaitasuna duten pertsonak, beste norbaiten kargura dauden adingabeak eta etxegabetze-egoeran dauden familiak, eta familia horren etxebizitzaren botatze judiziala berariaz aurreikusita dagoela.
Halaber, erakunde honek 4/2024 Gomendio Orokorraren edukia gogora ekarri du. Horren bidez, babes publikoko etxebizitzak zuzenean adjudikatzeko prozedura administratiboaren aplikazioa aztertu egiten da, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari zein udalek garatu beharreko eskumenei dagokienez; izan ere, izapidetzeko baldintza da udaleko organo eskudunak eskaera aurkez dezala, espediente honetan gertatu bezala.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 26a