Arartekoak zamalanetako eremuetarako sarbidea kudeatzeko aplikazio mugikorrari alternatibak eskaintzeko eskatzen dio Bilboko Udalari
Arartekoak zamalanak egiteko eremuetako erabiltzaileei beharrezko baimenak beste bide batzuen bidez lortzeko aukera eman diezaiela gomendatzen dio Bilboko Udalari, hau da, gaur egun ezarrita dagoen aplikazio mugikorraren ordezko metodoen bidez. Ebazpen hau herritar baten kexa jaso ondoren jaulkitzen da; herritar horrek adierazi zuen ez zegoela ados salgaien hiri-banaketan aritzen diren ibilgailuetarako mugikorreko aplikazio bat erabiltzeko betebeharrarekin.
Arartekoak informazioa eskatu zion Bilboko Udalari eta Udalak argudiatu zuen aplikazioa nahitaezkoa izatearen arrazoia teknologia mugikorrak erabiltzera ohituta dauden profesionalek erabiltzeko erraztasuna dela.
Arartekoak zalantzan jartzen du aparkalekuen ordenantzan herritarrentzat ezarritako betebeharren argitasuna, eta adierazten du udal-araudiak ez duela esplizituki zehazten aplikazio mugikorra nahitaezkoa dela, bitarteko bakar gisa, eremu horietan aparkatzeko baimena lortzeko. Gabezia horrek segurtasun juridikorik eza eragin dezake eta kalte egin diezaieke herritarrek euren eskubideak eta betebeharrak argi eta garbi ezagutzeko duten eskubideari.
Gainera, erakunde honek inposizio teknologiko horren oinarri diren irizpide teknikoak eta juridikoak berrikusteko eskatzen dio udalari, eta iradokitzen du irizpide horiek herritarren onurara bideratuta egon behar dutela, eta ez soilik kudeaketa administratibora. Arartekoak azpimarratzen du administrazio onak zerbitzuak erabiltzaileen beharretara egokitzea eskatzen duela, ez administrazioaren lehentasun operatiboetara.
Beste alde batetik, ebazpena datu pertsonalen babesean ere zentratzen da; izan ere, aplikazioak erabiltzaileen gailu mugikorra geolokalizatzea eskatzen du eta horrek datu pertsonalen tratamendu bereziki babestua behar du. Arartekoak nabarmentzen du datu-bilketa hau Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (DBEO) arabera aztertu behar dela eta Udalak bildutako informazioa bidezkoa den, egokia den eta gehiegizkoa ez den berrikusi behar duela. Ildo beretik, Arartekoak adierazten du aplikazioak administrazio elektronikoaren arloko lege-baldintzak bete beharko lituzkeela.
Horregatik guztiagatik, Arartekoak Bilboko Udalari gomendatzen dio herritarrei argi eta garbi eta erraz eman diezaiela aplikazioaren erabilerari buruz dituzten eskubide eta betebeharren berri eta, aldi berean, aplikazio mugikorra erabili nahi ez duten edo erabili ezin duten erabiltzaileentzat alternatiba ez-elektronikoak ezartzea balora dezala. Azkenik, Udalari aplikazioaren datuak babesteko araudia berrikusteko eta araudi hori betetzen dela bermatzeko behar diren doikuntzak egiteko gomendatzen dio.
Vitoria-Gasteiz, 2025ko urtarrilaren 7a