Manuel Lezertua arartekoak Ingurumenari buruzko Biltzar Nazionaleko (CONAMA 2024) saio teknikoan esku hartu du, mugitzeko eskubidea bermatzeko hiri-estrategiak direla eta. “Mugikortasuna eztabaidan: mugikortasunaren kontzeptutik mugitzeko eskubidera” izenburuko eztabaida-mahaia izan du ardatz nagusi bere hitzaldiak eta, bertan, agerian jarri ditu hiri-mugikortasun jasangarrirako eskubidea babesteko esparrua eta botere publikoek hori sustatzeko dituzten betebeharrak.
Bere aurkezpenean, Lezertuak nabarmendu du garrantzitsua dela mugikortasun jasangarriari heltzea, ez bakarrik araudiaren ikuspegitik, baizik eta baita ere herritarren eguneroko bizipenetik. Esan duenez,"gai horrek kezkatzen nau eta axola dit, ararteko nahiz herritar gisa, eta batzuetan, txirrindulari gisa".
Arartekoak Euskadin emisio gutxiko eremuen erregulazioa hobetzeko gomendio orokorreko ondorio nagusiak partekatu ditu, erakundeak arlo horretan egin duen ekarpen nagusietako bat baita. Ahalegin hori Arartekoak antolatutako foro baten bidez osatu zen, non hainbat erakunde, aditu eta herritarrek elkarrekin eztabaidatu baitzituzten Euskadin mugikortasun jasangarriak dituen erronkak eta aukerak.
Lezertuak azpimarratu du herritarren parte-hartzeak funtsezko zeregina duela mugikortasun jasangarrirako estrategia eraginkorrak eta ekitatiboak eraikitzen, mugikortasun jasangarrirako eta garraiobideak aske aukeratzeko eskubidea babesten aurrera egiteko. Eskubide horiek Eusko Legebiltzarrak 2023. urtean onartutako Mugikortasun Jasangarriaren Legean jasota daude.
Era berean, azaldu du mugikortasun jasangarrirako eskubideak paradigma-aldaketa dakarrela berekin: mugitzeko eskubidetik mugitzeko askatasunera -horretarako norberari gehien komeni zaion modua aukeratuz- eta gizartearen eta ingurumenaren ikuspuntutik pertsonak modu jasangarrian mugitzea sustatzeko eskubidera.
Ingurumenari buruzko Biltzar Nazionala bi urtean behin egiten da eta erreferentea da Espainiako ingurumenaren jasangarritasunaren eremuan. Arartekoaren parte-hartzeak indartu egiten du Euskadik mugikortasun-politika publiko jasangarriak, inklusiboak eta herritarren ongizatean oinarritutakoak garatzeko duen konpromisoa.
ARARTEKOAREN INTERBENTZIOA
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 4a