Skip to main content
  • Azaroaren 29an (larunbata) egingo da Bilboko Kastrexana aterpetxean Arartekoko Nerabeen Kontseiluaren hurrengo topaketa, aurtengo azkena. Euskadiko zenbait udalerritako 25 neska-mutilek egun osoa emango dute osasun fisikorako eskubideaz azken hilabeteotan landu dutena laburbiltzen.  

    ENYA (European Network of Young Advisors) proiektuan izan dugun parte-hartzearen emaitza jakin ahal izango dugu. Ekimen horrek umeen eta nerabeen partaidetza bultzatzen du ENOC-Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarearen jardueran.

    Arartekoko Kontseiluko bi ordezkarik, Junek eta Kevinek, Arartekoko Kontseilu osoaren ondorioak eta ekarpenak eraman zituzten uztailean eta irailean Kroazian eta Bukaresten (Errumania) hurrenez hurren egin ziren Europako topaketetara. Biek gure Kontseiluaren gomendioak helarazi zituzten gai hauen gainean: bizimodu osasungarriak bermatzeko premia, jarduera fisikorako gune seguruen bidez; elikadurari eta ongizateari buruzko hezkuntza; elikadura osasungarrirako irispidea; eta atseden egokia. Gainera, eskatu zuten mediku-arretarako irispide ekitatiboa berma dadila, diskriminazioaren kontra borroka egin dadila eta gazteak ahaldundu ditzatela beren osasun-prozesu propioetan.

    Bestalde, Arkaitzek, Yaizak eta Ainhoak “Zure hitzak axola du” izeneko lantegian parte hartu zuten, Fuerteventuran. Topaketa hori Kanarietako Herriaren Defendatzaileak (Diputación del Común) antolatu zuen eta bertan bizitako esperientzia kontatuko dute. Han ikasgeletako kalteberatasunaren gaia jorratu zuten, partaidetza esanguratsuko gunea ahalbidetzeko eta beraien hitza eta iritziak jasotzeko, Zaragozan egin zen Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXVIII. Jardunaldietako hausnarketa- eta eztabaida-prozesu orokorrean sartzeko.

    Gainera, Nahiak CATen (Childrens Advisory Team) izandako esperientzia partekatuko du, izan ere, Genevara bidaiatu ahal izan zuen aurkezpen bat egitera, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak giza eskubideen defendatzaile diren haurrei buruz egindako 58. bilkuraren esparruan.

    Azkenik, larunbat honetan, UNICEF-Euskadiko Aholku Taldearekin ere egingo da topaketa bat. Arartekoko Kontseiluko eta UNICEF-Euskadiko neska-mutilek elkar ezagutzeko eta elkarri beren partaidetza-esperientziak adierazteko aukera izango dute.

    Urtero bezala, eguna bukatzeko, agur esango diegu hiru ikasturteren buruan gure Kontseiluan izan duten ibilbidea amaitu duten neska-mutilei. Eskerrik asko, Ane, Eder, Elene, Eneko, Irati, Katalin, Nahia eta Nahia, bihotz-bihotzez!


    Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 28a

     

  • Arartekoak Osakidetzari gomendatu dio ez dezala herritarren nortasun agiri nazionalaren (NAN) kopiarik eskatu, ez gorde ere, osasun-sisteman kexak edo erreklamazioak aurkeztea bezalako jarduerak direnean.

    Jarduera hori kexa bat jaso ondoren burutu da. Izan ere, kexagilea ez zegoen konforme kexa bat erregistratzeko baldintza gisa NANaren kopia bat eman behar izatearekin, ezta ere aurkeztutako idazkiei buruzko erantzunik ez jasotzearekin. Osakidetzak bere erantzunean onartu zuen hala jokatzen duela, baina ez zuen eman jokaera hori justifikatzeko arau-oinarri zehatzik, ezta interesdunari erantzun izanaren  egiaztagiririk ere.

    Arartekoak bere ebazpenean gogorarazi du administrazio-prozedurari, herritarrak artatzeari eta datuak babesteari buruzko araudiak ez duela babesten, oro har, horrelako kasuetan NANaren kopia eskatzea. Adierazi du aurrez aurreko egiaztapenean, nahikoa dela agiria erakustea, eta kopia bat gordetzea datu pertsonalak tratatzea dela, gehiegizkoa eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean jasotako minimizazio-printzipioaren kontrakoa izan litekeena.

    Orobat, azpimarratu du administrazio publikoek administrazio ona izateko eskubidea bermatu behar diela herritarrei, eta horren barruan sartzen dela arrazoizko epean erantzun arrazoitua jasotzea. Kasu honetan, egiaztatu da Osakidetzak ez diela erantzun egindako erreklamazioei, bere Zerbitzu Kartan onartuta dauzkan kalitate-konpromisoak gorabehera.

    Arartekoaren ebazpenaren amaieran, Osakidetzari gomendio bat egiten zaio, horrelako izapideetan NANaren kopia eskatu eta gordetzea saihestu dezan eta beharrezko neurriak har ditzan herritarren kexei benetan erantzungo zaiela ziurtatzeko, osasun-sistema publikoaren kalitate-estandarren arabera.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 27a
     

     

  • Hernaniko Udalak Arartekoari jakinarazi dio osorik onartu duela 2025R-1380-25 Ebazpena, non eskatu baitzion bema zezala pertsona fisikoek administrazio-harremanetarako kanala aukeratzeko eskubidea, posta erabiltzea barne dela. 87 urteko herritar baten kexa izapidetzeko onartu eta aztertu ondoren eman zen ebazpen hori. Herritarrak bere udal ordainagiriak paperean jaso nahi zituela eskatu zuen, eta hasieran ukatu egin zioten eskaera.

    Kasua aztertu eta gero, udalak egiaztatu du dagoeneko hartu dituela beharrezko neurriak hala eskatzen denean ordainagiriak postaz bidaltzeko, baita helbideratutako ordainagiriak ere. Arartekoaren esku-hartzea eragin zuen kasu zehatz horretan, eragindako pertsonaren zergadunaren fitxa aldatu da, jakinarazpen guztiak bere helbidera paperean iritsiko zaizkiola bermatzeko.

    Arartekoak ontzat jo du erabaki hori, eta gogorarazi du oso garrantzitsua dela ordezko hautabide irisgarriak bermatzea bitarteko elektronikoak erabiltzeko zailtasunak dituztenentzat.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 26a

     

  • Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoa Bruselara joan da, Defentsa-erakundeen Europako Sarearen (ENO, ingelesez) urteko bilkuran parte hartzera, Bruselako Europako Parlamentuaren egoitzan. Topaketa hori Europako Defentsa-erakundeak antolatu du eta urtero Europa osoko defendatzaile nazionaletako eta eskualdeetako titularrak elkartzen ditu, herritarren eskubideak babesteko erronka nagusiez eztabaidatzeko.

    Edizio honetan, herritarren mugikortasunerako oztopo praktikoen gaia ez ezik, bilkuran beste gai batzuk ere aztertu dira, esaterako, EBko Zuzenbidea betetzeari buruzko jarraipen-lana, arauak sinplifikatzearen ondorioak Ombuds erakundeen (defentsa-erakundeak) lanerako, eta horiek Europan migrazio eta asilo arloan duten eginkizunaren bilakaera. Gainera, ENOren lehen bilera da 2024ko abenduan Teresa Anjinho Europako defendatzaile berri izendatu zutenetik. 

    Ararteko defentsa-erakundearen lurraldeak Europar Batasuneko beste estatu batekin (Frantzia) muga egiten duenez gero, Inés Ibáñez de Maeztuk, erakundeko jarduneko titularra denez, errelatore gisa parte hartu du honako gai hau eztabaidatzeko taldean: zirkulazio askerako eskubidea baliatzeko orduan, Europako herritarrek aurkitzen dituzten oztopo praktikoak, Batasuneko beste herrialde batzuetan bizitzea, ikastea eta erretiroa hartzea erabakitzen dutenean. Ibañez de Maeztuk aukera izan du Irun eta Hendaia herrien arteko mugaz gaindiko oinezkoentzako zubia ixtea zela eta, Ararteko erakundeak egin zituen jarduerak partekatzeko. Jarduera horiek agerian jarri zuten itxierak ondorio kaltegarriak izan zituela mugako udalerri horietan bizi direnentzat.  

    Jarduneko arartekoak, talde horretako errelatore izaki, osoko bilkurako eztabaidan atera diren ondorioak aurkeztu dizkie bertaratu diren defentsa-erakundeetako ordezkari guztiei. Antzeman diren arazo nagusiak azpimarratu ditu, Europa barruan herritarrek mugitzeko dituzten oztopo praktikoei dagokienez, besteak beste, EBren barruan mugako herritarren zirkulazio askea murriztea, beste herrialde batzuetan lortutako tituluak onartzea, mugaz gaindiko egoeretan prestazioak ez ordaintzea, gizarte segurantzako sistemak koordinatzea, baita lantokia edo bizilekua ez den Batasuneko beste herrialde batzuetan egindako mediku-gastuak itzultzea.  

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 21a
     

  • Ararteko erakundeak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari galdegin dio berma dezala agiri historikoak lortzeko herritarren eskaerak behar bezala izapidetuko direla, Euskadiko Dokumentu Kudeaketa Integralaren eta Dokumentu Ondarearen ekainaren...
  • Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoa (eta Haur eta Nerabeen Kontseilua) abian jarri zela 15 urte beteko dira 2025ean eta egindako ibilbideari, ikasitakoari eta etorkizunean ditugun erronka berriei begiratzeko aukera paregabea da.

    Egun hauetan ospatzen dugu Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena 1989ko azaroaren 20an onartu izana ere; nazioarteko itun horrek zalantzarik gabe baitio haurrak, ezer baino lehen, eskubidedun subjektuak direla.

    Haur eta Nerabeen Bulegoa hiru helburu estrategikorekin hasi zen, eta helburu estrategiko horiek bideratu dute 15 urte hauetako lana.

    1.    Haur eta nerabeek aurkeztutako edo “zuzenean” eragiten dienari buruzko kexak eta erreklamazioak artatzea eta, aldi berean, erakundearen ohiko lanean haurren ikuspegia txertatzea.

    2.    Haurren eta nerabeen artean eta, oro har, gizartean eskubideen kultura sustatzea. 

    3.    Haurren eta nerabeen ahotsa txertatzea haiekin zerikusia duten gai guztietan eta Arartekoaren lanaren xede direnetan. Adingabeen ahotsa eta iritzia bermatzeko tresna nagusia Haur eta Nerabeen Kontseilu da. 

    Dokumentu batean bildu ditugu, labur, Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren 15 urte hauek. Proiektua finkatuta dago eta haur eta nerabeen eskubideen aldeko lanean erreferentea dela aitortzen da.

    HAUR ETA NERABEENTZAKO BULEGOKO JARDUERAREN BALANTZEA


    Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 19a
     

ES-2025R-717-25.pdf
Ararteko

Arartekoaren 2025R-717-25 Ebazpena, 2025eko ekainaren 30ekoa

Eragindako administrazioa
Arabako Foru Aldundia
Onartuta
Bai
Azpimota
Gomendioa

Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeari gomendatzen zaio administrazio-erregistroan eskabideak eta dokumentuak aurkezteko aurretiko hitzorduaren nahitaezkotasuna ken dezan, sistema hori borondatezko aukera gisa gaitu dezan eta herritarrei argitu diezaien zer kasutan beharrezkoa den zerbitzu tekniko eta espezializatuei heltzeko.

Deskargatu dokumentu hau:
PDF