Skip to main content
  • Getxoko eraikin bateko jabeen komunitateak Arartekoari kexa egin zion eta honako hau salatu zuen: lizentziarik gabe etxebizitza gisa gaitutako lokal batean hirigintzako legezkotasuna berrezartzeko hasi zen espediente batek ez zuela aurrera egiten.

    Kasua aztertu ondoren, Arartekoak Getxoko Udalari gomendatu zion administrazio-prozedura horren tramitazioa bizkortu zezala.

    Gomendio horri erantzunez, Getxoko alkateak txosten bat bidali dio Arartekoari, Hirigintza, Azpiegitura, Udal Eraikin eta Obra Arloko Administrazio Orokorreko teknikariak egina. Txosten horretan adierazten denez, Arartekoaren gomendioari jarraikiz, ofizioz eta justifikaziorik gabeko atzerapenik gabe bultzatzen ari da espediente horri dagokion administrazio-prozedura, lokal horren hirigintzako legezkotasuna berrezartzeko.

    Getxoko Udalaren baiezko erantzuna ikusita eta hirigintzako legezkotasuna berrezartzeko prozedura ofizioz bultzatzen ari dela baieztatuta, Arartekoak onartutzat jo du bere gomendioa eta, beraz, amaitu du kasu honetan izan duen esku-hartzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 11

  • Arartekoaren iritziz, pazienteak Arrasateko Aita Menni ospitaleko hartutako kalte zerebraleko unitate itundura bideratzeko asmoz Osasuneko lurralde ordezkaritzek onartu zituzten protokoloak diskriminatzaileak izan zitezkeen, adinagatik edo “adinkeriagatik”
  • Apirilaren 8a Etxebizitza funtsezko zutabea da ijito herriaren eskubideak gauzatzea eta berorrek gizartean, lanean eta ekonomian erabat parte hartzea bermatzeko
  •  2024. urtean 14.608 jarduketa egin dira guztia (aurreko urtean baino pixka bat gehiago); horietatik, 4.310 kexak eta kontsultak izan dira eta 28 ofiziozko espedienteak.

    Arreta zuzeneko bulegoetan guztira 10.150 jarduketa erregistratu dira. Horietatik, 4.134 hiru bulegoetako batean aurrez aurre kudeatutako kexak eta kontsultak izan dira, eta 6.016 zerbitzu telefoniko bidezko aholkularitza eta informazioari buruzkoak izan dira.

    2024an, bilera ugari egin ditugu gizarte-erakundeekin eta administrazioekin: Eusko Jaurlaritzako sailak eta zuzendaritzak, foru aldundiak, udalak eta beste erakunde batzuk. Gainera, Arartekoak aktiboki hartu du parte funtsean administrazioek, gizarte-erakundeek eta defentsa-erakundeek sustaturiko ekimenekin loturiko hainbat ekintza, jardunaldi eta ekitalditan; autonomia-erkidego eta estatu mailan zein nazioartean. Mota horretako 120 jarduera izan dira guztira.

    2024. urtean 2.905 kexa-espediente ebatzi dira. Espediente gehien izapidetu diren arloa gizarte-inklusioa izan da: espediente guztien %15,82 izan dira. Arlo horrek aurreko urteetako gorako joera areagotu du, aurreko urtearekin alderatuta %10 egin baitu gora. Horrez gain, Lanbidek DSBE eta BGDS bezalako prestazio ekonomikoei lotuta egiten duen kudeaketa izan da gai nagusia (403 espediente). Aipatu behar da osasunaren arloak izan duela gorakada handiena (%69,6) aurreko urtearekin konparatu ezkero, 2024an izapidetu diren espedienteetan bigarren arlo nagusia izanik (espediente guztien %13,34).

    Arreta publiko berezia behar duten kolektiboei berariaz lotuta dauden espedienteen kopuruak gora egiten jarraitzen du; izan ere, espediente horietan eta familia, haur eta nerabe eta emakumeen berdintasun eta osotasun gaiak jorratzen dituzten espedienteetan izan da erreklamazio gehien (espediente guztien %9,11).

    Administrazioei eragiten dieten izapidetutako espedienteen artean Eusko Jaurlaritza izan da erreklamazio gehien jaso dituen administrazioa (%53), nahiz eta aurreko urtearekin alderatuta erreklamazio gutxiago izan. Zehaztu behar da, alabaina, legegintzaldi berria datorrenean eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzako sailak berrantolatzen direnean hein batean zailagoa izaten dela interpretatzea Eusko Jaurlaritzako administrazioaren lan-arloen arabera espediente bakoitza nora bideratu behar den, kontuan izan behar baita espediente horietako asko kexari lotutako prozedura hastean beste izen batzuk zituzten sailen aurka aurkeztu zirela.

    Foru-administrazioei dagokienez, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien jarduketei lotuta egon diren espedienteen kopurua nabarmen igo da aurreko urtearekin alderatuta: %31 eta %43 igo dira, hurrenez hurren.

    Tokiko administrazioen jarduketa aztertzean ikusten dugu Bizkaiko udalek eta toki-erakundeek izan dutela orain ere espedienteen kopuru handiena, gainera aurreko urtean baino gehiago izan dituzte (%44 gehiago). Azpimarratzekoa da, era berean, Gipuzkoako toki-administrazioei lotuta izan den gorakada; Arabakoei lotutako espedienteen, aldiz, kopuruak behera egin du.

    Haur eta nerabeen eskubideak babestea etengabeko helburua da erakunde honen lanean. 2024an, haurren eta nerabeen presentzia edo tartean egotea argi eta garbi aipatu duten herritarrek jarritako kexei dagokienez, guztira 623 espediente izan ziren, hau da, Arartekoan aurkeztutako kasu guztien %14,45. Jasotako kexa guztien artean, bakarra izan zen adingabe batek aurkeztua.

    Edonola ere, garrantzitsua da Arartekoko Haur eta Nerabeen Kontseiluaren jarduera, izan ere, haur eta nerabeek entzunak izateko duten eskubidea gauzatzen du eta beraien hitza erakundearen jardueran sartzea ahalbidetzen du. Oraingo honetan, defentsa-erakundeen koordinaziorako jardunaldietan, txosten propioetan eta nazioarteko zenbait instantziak eskatuta egindakoetan.

    Arartekoak egiaztatu du etxebizitza eta ingurumena, oraindik ere, kezka-iturri direla herritarrentzat. Ingurumen arloan, aipagarria da Arartekoaren 1/2024 Gomendio Orokorra, otsailaren 21ekoa, non Euskadin emisio txikiko eremuak arautzeko proposamen batzuk egiten baitira.

    2024an, azkenean argitaratu da erakundea erreformatzeko proposamenen agiria, izenburu honekin: “Ararteko erakundea erreformatzeari buruzko gogoetak eta proposamenak”. Ararteko erakundea sendotzea eta finkatzea du helburu, funtsezko eginkizuna betetzen baitu demokrazia, zuzenbide estatua eta administrazio ona indartzen, eta, azken batean, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak babesten eta sustatzen.

    Gainera, Arartekoak Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako Jardunaldiak antolatu zituen. Edizio honetako gai nagusia administrazio ona sustatzea izan zen, administrazioen jarduera guztiei zeharka eska dakiekeen estandar gisa, eragina baitu herritarrek administrazioekin dituzten harremanetan.

    Bi azterlan ere aurkeztu dira, emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen egoera hobetzeko asmoz gizartea sentsibilizatzeko: “Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean” eta “Euskadiko LGTBI pertsonen aurkako diskurtsoei eta gorroto-jarrerei buruzko azterlana”. Gainera, izenburu hau zuen uda-ikastaroa antolatu zen: “Hezkuntza-ekitatearen eta eskolatzearen erronkak Euskadin”.

    2024an sendotu egin dira Arartekoak giza eskubideak defendatzeko beste erakunde eta organismo batzuekin dituen nazioarteko harremanak, Ombudsmanen Nazioarteko Institutuaren konferentzian eta batzar nagusian parte hartuz eta Arartekoak Europako Kontseiluko agintariekin egindako bileren bidez.

    Arartekoaren web orriaren bidez sar daiteke urteko txostenean: www.ararteko.eus

    EUSKO LEGEBILTZARRARENTZAKO URTEKO TXOSTENA 2024

    HAUR ETA NERABEENTZAKO BULEGOAREN TXOSTENA 2024

    Arartekoaren interbentzioa


    Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 1a

  • Manuel Lezertua arartekoak parte hartu du, Estrasburgon, Herriaren defentsa-erakundeen eta giza eskubideen erakunde nazionalen (GEEN) goi mailako konferentzian. Topaketa hori Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeko Luxenburgoko Lehendakaritzak antolatu du.

    Bi egunetan barrena, Europako defentsa-erakundeen eta GEENen zenbait titularrek beren ikuspegia partekatu dute Zuzenbide Estatuak gaur egun aurre egin beharreko erronkez eta erakunde horiek berori defendatzeko orduan duten eginkizunaz, baita aro digitalean erabaki publikoak hartzearekin lotutako arriskuez eta aukerez ere. Ekitaldi horretan lantegi batzuk ere egin dira, hainbat ideia trukatzeko defentsa-erakundeen eta Europako Kontseiluaren arteko lankidetza-aukerei buruz eta Europako Kontseiluaren tresna erabakigarri batzuk aplikatzeari buruz, esaterako, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena, Veneziako Printzipioak eta Adimen Artifizialari buruzko Esparru-hitzarmen berria.

    Arartekoak hizlari gisa esku hartu du honako mahai-inguru honetan: “GEENen eta herriaren defentsa-erakundeen eginkizuna Zuzenbide Estatua defendatzen”. Berarekin batera aritu dira Poloniako Justizia ministroa, Herbehereetako herriaren defendatzaile eta Europako Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuko lehendakaria, Giza Eskubideen Erakunde Nazionalen Europako Sareko zuzendaria eta Finlandiako Giza Eskubideen Zentroko zuzendaria. 

    Lezertuak bere mintzaldian nabarmendu du defentsa-erakundeak, erakunde independente gisa, funtsezko elementuak direla Zuzenbide Estatuaren, giza eskubideen eta demokraziaren Europako arkitekturan. Herritarren kexak kudeatuz eta administrazioekin etengabe hitz eginez, defentsa-erakundeek administrazioaren legezkotasuna hobeto errespetatzen laguntzeaz gain, indartu ere egiten dute herritarrek erakunde demokratikoetan duten konfiantza. 

    Gainera, arartekoak gogorarazi du defentsa-erakundeak Europako Kontseiluaren funtsezko aliatuak direla giza eskubideetan oinarritutako kultura sustatzeko: alde batetik, Europako Kontseilutik eratorritako estandarrak sartzeagatik beren agintea betetzean, eta bestetik, herritarren arazoetatik hain gertu egoteak informazio baliotsua lortzeko aukera ematen dietelako, giza eskubideen arloan arauak eta estrategiak garatzeko. Horrela, agerian jarri du nazioartean gero eta tentsio handiagoko egoeran gaudela, eta azpimarratu du aukera paregabea eskaintzen zaigula Europako defentsa-erakundeen eta Europako Kontseiluaren artean lankidetza-gune bat ezartzeko.

    ARARTEKOAREN INTERBENTZIOA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 28a

  • Ebazpen hori herritar batek egindako kexaren ondorioz sortu zen. Herritarra ez zegoen konforme Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen jarduerarekin, izan ere, etxebizitza-aldaketa bat onartu ondoren, aldaketa atzeratu egin zen. Zehazki, kexagileak azaldu zuen 5 kideko bizikidetza-unitatea osatzen duela. Kideetako bat adingabea da eta beste bik, senarrak eta seme gazteenak, aitortua dute %67ko eta %39ko desgaitasuna, hurrenez hurren. 

    2022ko azaroan, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeari jakinarazi zion etxebizitzak ez zeukala beharrezko azalera erabilgarririk familia modu egokian bizitzeko, eta etxebizitza aldatzeko eskatu zuen. Argudiatu zuen etxebizitzak 51 m2-ko azalera erabilgarria besterik ez duela eta, horren ondorioz, etxebizitza horretan familiaren eguneroko bizimodua guztiz baldintzatuta zegoela. 

    Eskaera hari erantzuteko, 2023ko otsailean, erakunde horrek eskaera onartu zuen eta bizi ziren etxebizitza ez zela egokia aitortu zuen. Etxebizitza-aldaketa gauzatzea atzeratzen ari zenez gero, 2024ko apirilean, kexagileak berriro egin zion eskaera. Hala ere, eskaera egin zuenetik bi urte baino gehiago igaro arren, kexagileak etxebizitza berean bizitzen jarraitzen zuen. 

    Informazioa galdegin ostean, Arartekoak Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeari gomendatu zion beharezko neurriak har zitzala kexagileak eta bere bizikidetza-unitateak etxebizitza duin eta egokia izateko duten eskubidea behar bezala bermatzeko, ahalik eta lasterren. Era berean, eskatu zion argudiatzeko ahalegin handiagoa egin zezala bere erantzunetan erabiltzen dituen arrazoiak azaltzean, baldin eta etxebizitza-aldaketa onartua duten maizterrek argibideak eskatzen badituzte tokiko erakunde autonomo hori eskubide hori gauzatzeko egiten ari den jarduerez edo eskubidea gauzatzea atzeratzearen zergatiez. 

    Arartekoaren gomendioari eman dion erantzunean, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak berariaz adierazi du ebazpenaren edukia onartzen duela eta bertan egindako gogoetak betetzeko konpromisoa hartzen duela. Arartekoak eskertzen du Bilboko Udalaren eta Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen lankidetza, baita kexa honetan azaldutako arazoa konpontzeko erakutsi duten erabakitasuna ere. Orobat, aitortzen du etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea bermatzeko egiten ari diren ahalegin jarraitua.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 26a

  • Arartekoak, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin batera, Fabián Salvioli abokatu eta irakasle argentinarraren hitzaldi hau antolatu du, Bilboko Bizkaia Aretoan: “Giza eskubideak nazioarteko tentsio bereziko testuinguru batean”.
Vitoria-Gasteiz
Ararteko

Arartekoaren 3/2024 Gomendio Orokorra: Administrazio elektronikoa eta herritarrak artatzea

Arartekoak 2021ean argitaratutako azterlan honen bilakaera aztertu du: "Administrazio digitala eta herritarrekiko harremanak. Euskal administrazio publikoetarako aplikazioa". Analisi horretan nabarmentzen da aurrerapen garrantzitsuak egin direla azterlan horretan lankidetzan aritu diren 13 euskal erakunde publikoetako administrazio elektronikoan, eta oraindik ere badirela erronkak eraldaketa digital inklusiboagoa eta eraginkorragoa egiteko. Arartekoak arlo horretan aurrez egindako gomendioak bete ote diren ebaluatu du eta, ebaluazio horren argitan, gidalerro berriak formulatu ditu, administrazioarekiko harreman digitaletan sarbidea eta kanal aniztasuna bermatzeko.

Besteak beste, honako hauek azpimarratu dira:

•    Egoitza elektronikoa eta erregistroa: administrazioek egoitza elektroniko osoa eta funtzionala izan behar dute, erregistro orokorraren bidezko eskaerak onartu behar dituzte, eta herritarren karpetak izan behar dituzte, interesdunek espedienteen eta jakinarazpen elektronikoen tramitazio-egoera ikusi ahal izan dezaten.
•    Laguntzeko bulegoak eta aurretiko hitzordua: erregistro gaietan laguntzeko bulegoak funtsezkoak dira herritarrei ematen zaien arreta errazteko; aurretiko hitzorduak aukerakoa izan behar du, ez zerbitzu publikoetarako sarbidea oztopatzeko traba bat.
•    Jakinarazpen elektronikoak: administrazioek jakinarazpen elektronikoak egiteko plataformak garatu behar dituzte, administrazio-prozedurako baldintzak beteko dituztenak, eta beti bidali behar dituzte jakinarazpenak eskuragarri daudela dioten abisuak, garaiz jasoko direla bermatzeko.
•    Elkarreragingarritasuna: elkarreragingarritasuna bultzatu behar da, administrazioen artean datuen kontsulta elektronikoak erraztuz; era berean, erregistro elektronikoak bateragarriak direla ziurtatu behar da eta ez da eskatu behar administrazioak bere esku daukan agiririk.
•    Sinadura elektronikoa: administrazioek sinadura elektroniko aurreratua gauzatzeko politikak onartu behar dituzte, eta gaitutako funtzionarioen erregistroak sortu; herritarrek behar bezala jakin behar dute zerbitzu horiek badirela, baita nola funtzionatzen duten ere.
•    Langileak prestatzea: administrazio elektronikoan prestatzeko berariazko planak garatu behar dira, gutxieneko estandarrak eta etengabe ebaluatzeko tresnak dituztenak.
•    Informazioaren segurtasuna: administrazioek agiri elektronikoak kudeatzeko eta informazioaren segurtasunerako politikak garatu behar dituzte, aldizkako auditoriak egin behar dituzte, eta segurtasun arloan erantzukizun argiak ezarri.
•    Gardentasuna: administrazioek bete egin behar dituzte informazio publikoa lortzeko eskaerak izapidetzeko ezarrita dauden epeak, mugak jartzea arrazoitu behar dute, eta gardentasun-atariak erabilgarriak direla bermatu.
Arartekoak gomendio horiek bete ditzaten eskatzen die administrazioei, administrazio publiko hurbilagoa, gardenagoa eta herritar guztien beharretara egokitutakoa sustatzeko.

GOMENDIO OROKORRA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abuztuaren 29a