Arartekoaren 4/2024 Gomendio Orokorra. Segurtasun juridikoa eta ziurtasuna babes publikoko etxebizitzak alokairu-araubidean zuzenean adjudikatzeko administrazio-prozeduran
Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari gomendatzen dio jarduketa administratiboa egin dezala behar bezalako segurtasun juridikoa bermatzeko babes publikoko etxebizitzak alokairu-araubidean zuzenean adjudikatzeko administrazio-prozeduran. Halaber, udalaren gizarte-zerbitzuei eskatzen die berariaz eta modu argudiatuan ebatz ditzatela herritarrek egiten dizkieten eskaerak. Horrez gain, gomendatzen du oinarrizko gizarte-zerbitzuek egiten dituzten txostenak bateratu daitezela.
Etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea funtsezkoa da beste eskubide batzuk baliatu ahal izateko, hala hola hezkuntza, enplegua eta prestazio sozialak izateko eskubideak.
Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza babestuaren 94.748 eskatzaile daude, eta horietatik 72.564 izena eman dute errentamendu-araubidean. Lehendakaritzaren mende dagoen Prospekzio Soziologikoen Kabineteak emandako azken txostenak etxebizitza finkatzen du gure erkidegoak dituen hiru arazo nagusietakoen artean, lan-merkatuari eta osasunari lotutako arazoen atzetik baino ez.
Etxebizitza-parke publiko nahikoa ez egotearen ondorio latzenak jasaten dituzte zaurgarritasun sozial eta ekonomikoko egoeran daudenak.
2024-2028 aldirako Bizitegi-bazterketa larriaren aurkako II. Euskal Estrategiak desparekotasuna areagotzearen ondorioak eta bizitegi-bazterketan duten eragina aztertzen ditu.
Arartekoan jarritako hainbat erreklamaziotan aipatzen da orain arte Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila izandakoak ez diela berariazko erantzun argudiaturik ematen etxebizitza premiaz eskuratzeko eskaerei.
Ikusita herritarrek ezohiko prozeduraren bidez etxebizitza adjudikatzeko eskaerak izapidetzeko zailtasunak izaten jarraitzen dutela, defendatzaile honek egoera aztertu du eta hainbat gomendio eratu ditu behar den segurtasun juridikoa bermatuko duen jarduketa administratibo bat sustatzeko asmoz.
Gomendio orokor honetan Arartekoak indarreko araudia aztertu du, baita prozedura administratibo arautu eta garden baten betekizunak eta zuzeneko adjudikazio baten hartzekodun izan daitezkeen kolektiboak ere: kolektibo bereziki zaurgarriak, genero-indarkeriaren biktimak, terrorismoaren biktimak eta zona degradatuetako bizilagunak. Bidenabar, zaurgarrienen gizarte-bazterkeriako arriskua egiaztatzeko gizarte-zerbitzuek emandako txostenaren prozedura eta betekizunak aztertu ditu.
Arartekoaren iritziz, berebizikoa da botere publikoek arauzko eta prozedurazko betekizunak bete ditzatela etxebizitza premiaz behar den egoerak ebaluatzeko, etxebizitza duina eta egokia izateko aukera bermatzeko.
GOMENDIO OROKORRA
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 25a