Arartekoaren azterlana: “Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean”
Arartekoak azterlan bat prestatu du Euskadiko gazteen arteko jarrera matxistak hobeto ulertzeko eta politika publikoak hobetzeko gomendioak egiteko. Azterlan hori sexu-arrazoiengatiko berdintasuna bultzatzeko eta indarkeria matxista jasan duten emakumeen eskubideak defendatzeko lanaren barruan kokatzen da.
Informazioa biltzeko, hainbat iturri erabili dira, besteak beste, arlo horretako lanen analisi bibliografikoa, 14 eta 29 urte bitarteko gazteei egindako galdera-sortak, eztabaida-taldeak eta Arartekoak antolatutako herritarren foro bat. Analisiak bost aztergai jorratu ditu: genero-estereotipoak eta gizarte-presioa; bikote-harremanak eta sexualitatea; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta bereizkeria sexista; emakumeen kontrako indarkeria matxista; eta berdintasuna eta feminismoa.
Lortutako emaitzek erakusten dute gazteek oraindik estereotipoekin borrokan jarraitzen dutela, nahiz eta hobeto jabetzen diren estereotipoak daudela. Gainera, egiaztatu da sexuaren araberako segregazioa dagoela ibilbide profesionaletan eta lanekoetan, eta kirol arloan antzematen direla indar handiagoarekin genero-estereotipoak. Era berean, desoreka ikusi da etxeko lanak eta zainketak banatzeko orduan, eta erakargarritasun fisikoari dagokionez, nabarmenagoa da neskenganako gizarte-presioa.
Bikote-harremanei dagokienez, oraingo harremanak anitzagoak eta malguagoak direla nabarmentzen da, nahiz eta oraindik bizirik dauden maitasun erromantikoaren mito batzuk. Gazteentzat Internet da sexuari buruzko informazio-iturri nagusia, eta, ondoren, lagunak eta irakasleak. Alabaina, laguntzaile pedagogikorik ez izateak erraztu egiten du Internetek heziketa afektibo-sexualean zeregin garrantzitsua izatea, eta pornografiak eragina du been sexu-harremanetan.
Orobat, azterlanak erakusten du gazte gehienek aitortzen dutela emakumeen aurkako indarkeria matxista lehen mailako gizarte-arazoa dela, baina alde esanguratsuak daude sexuaren arabera. Hona hemen azterlanaren funtsezko emaitzak sentsibilizazio-ekimenak diseinatzeko: metodologietan berritzea, programak diseinatzean gazteak tartean sartzea, sarean eta diziplina anitzeko moduan lan egitea, eta berdintasunaren eta giza eskubideak errespetatzearen balioa sustatzea.
Arartekoak espero du azterlan hau lagungarria izatea epe labur, ertain eta luzean neurri onuragarriak hartzeko, diskriminazioak, desberdintasunak eta indarkeria matxista indargabetu daitezen.