Arartekoaren balorazioa Hondarribiko Alardearen garapenari buruz
Hondarribiko Alardearen ospakizuna dela eta, Manuel Lezertua arartekoa eta Inés Ibáñez de Maeztu haren ondokoa Hondarribian izan dira, berriro ere, emakumeek Alardean gizonen baldintza beretan parte hartzeko duten eskubideari babes irmoa adierazteko.
Arartekoak aurten, lehen aldiz, Alardea, egun horretan espazio publikoan egiten diren ekitaldietan talde interesdun guztien parte-hartzea arautzen duten Hondarribiko Alkatetzaren Dekretuen babesean garatu dela ikusi du. Erakunde honen iritziz, herriko alkatetzak hasitako jarduerak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko euskal Legetik eratorritako agindua betetzera bideratuta egon dira, 28.1 artikuluak debekatu egiten du gune publikoetan emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura edo jai- jarduerarik antolatzea eta egitea.
Erakunde honen ustez, Hondarribiko kaleetan, bai Jaizkibel konpainiaren, bai Alardea osatzen duten gainerako konpainien, desfilea egiteko modua baimendu eta antolatu duen alkatetza-dekretuek, pertsona guztien berdintasunerako eskubidearen errespetua bermatzeko eta sexuagatiko diskriminazioaren debekua errespetatzeko funtsezko lege-agindua betetzea dute helburu; agindu horretan kokatu behar dituzte botere publiko guztiek beren jardunak.
Arartekoak ontzat jotzen du Hondarribiko jai nagusian emakumeen eta gizonen parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua sustatzeko neurriak hartzea. Horregatik, berdintasun-legearen aginteari men egiteagatik eta, horren ondorioz, bertan pertsona guztiek, emakume zein gizon, sexua dela eta bereizkeriarik egin gabe, berdin parte hartu ahal izango duten Alarde baterantz pixkanaka urratsak emateagatik, Hondarribiko Udalaren ahaleginak aitortzen ditu.
Arartekoak egiaztatu du udalaren konpromiso hori bat datorrela Hondarribiko herritarrek 2024ko Alardearen jaia soseguz eta lasaitasunez, parte hartzeko eta errespetuzko giroan bizi dezaten Udalak adierazitako nahiarekin.
Jaizkibel konpainiaren desfilea dela eta, gaur goizean izan den festa-harmoniaren zenbait intolerantzia eta desorekaren aurrean, Arartekoak Hondarribiko agintariei dei egiten die Alardearen inguruan oraindik ere dagoen eten soziala gainditzera bideratutako elkar ulertzea, elkarrizketarako espazioak eta zubiak sustatzeko abian dauden ekimenak mantentzen eta indartzen jarrai dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 8a