Arartekoaren erakunde-adierazpena, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta
2024ko abenduaren 3a
Egun honetan, gizarte bidezkoagoa eta barneratzaileagoa eraikitzeko dugun konpromisoa berresten dugu, non denek beren eskubideak berdintasunez baliatu eta beren potentziala garatu ahal izango duten
Aurtengo leloa kontuan hartuta "Desgaitasuna duten pertsonen lidergoa sustatzea, etorkizun barneratzaileagoa eta jasangarriagoa izateko", Arartekoari beharrezkoa iruditzen zaio gogoraraztea oso garrantzitsua dela talde horrek gure erkidegoan duen eginkizun aktiboa aitortzea eta bultzatzea. Desgaituak beren bizitzen protagonistak dira eta gizarte moduan aberasten gaituen ikuspegi baliotsua dute.
Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluaren duela gutxiko erreforma aurrerapen nabarmena da desgaituen eskubideak aitortzeko eta gizarte irisgarriagoa eta barneratzaileagoa sustatzeko. Erreforma horrek irisgarritasun unibertsalaren printzipioa jasotzen du eta desgaituen erabateko autonomia pertsonala bermatzen du. Orobat, talde horrek bizitzako eremu guztietan gehiago parte hartzeko eta barneratzeko oinarriak ezartzen ditu.
Hala ere, Arartekoak egun honetan nabarmentzen du oraindik asko dagoela egiteko. Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak bide argia markatzen digu, inor atzean utziko ez duen etorkizun bidezkoago eta ekitatiboago baterantz.
Garapen jasangarrirako helburuek (batez ere hezkuntzarekin, enpleguarekin, hiri barneratzaileekin eta desberdintasunak murriztearekin zerikusia dutenek) gogorarazten digute garrantzitsua dela desgaituen eskubideak bermatzea.
Horren haritik, ararteko naizenez, botere publikoei konpromisoa har dezaten eskatu behar diet, desgaituen lidergoa eta parte-hartze aktiboa susta dadin beraiei dagozkien erabakiak hartzeko orduan. Aniztasunak gure gizartea aberasten du eta denok daukagu bizitza osoa eta autonomoa bizitzeko eskubidea. Desberdintasuna modu pasiboan onartzearen kontra, elkarrekin lanean jarraitu behar dugu, etorkizun barneratzaileagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko, non denek beren potentziala garatu eta ongizate kolektiboan lagundu ahal izango duten.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 2a