Arartekoaren erakunde-adierazpena, Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko eguna dela eta

2020ko azaroaren 25a

Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunaren ospakizunak garrantzi berezia du aurten, 2020an. Herrialde desberdinetako datu guztiek argi eta garbi adierazten dute izurriaren ondorioz sortutako gizarte-isolamenduzko eta konfinamenduzko politikek funtsezko eragina izan dutela emakumeen bizitzetan, batez ere egunero indarkeria matxistak mehatxatuta bizi badira.

Izurriak larriagotu duen egoera horretaz ohartarazi nahi du gaur Arartekoak; egoera horri aurre egiteko, neurri sendoagoak eta aurreratuagoak behar dira, balizko biktimak gaitz horretatik babesteko, batez ere kalteberenak, beraien egoera ekonomiko, sozial edo kulturalak edo beraien adin handiak baldintzatuta daudenak.

Era berean, egun hau dela medio, Arartekoak botere publikoei eskatu nahi die neurri sendoak hartzen has daitezela, emakumeen bizitza eta lana bateragarri egiteko orduan eta, horrela, beraien burujabetasun ekonomikoan izurriak epe ertain eta luzean izan ditzakeen ondorioei erantzuteko, burujabetasun hori oinarrizko baldintza baita aske bizitzeko eta indarkeria matxistaren mehatxuaren kontra ahalduntzeko.

Arartekoak ez du ahaztu nahi, bereziki izurri-urte honetan, emakumeak funtsezko zutabea direla Covid-19aren kontra borrokatzeko lerroan, zaintzaileak, erizainak, medikuak, eta abar baitira. Beraien burua pertsonak zaintzeari eskaintzeak erabateko aitortza merezi du, eta gogorarazi behar du zaintzarako benetako politika publikoak gauzatu behar direla, gizarte parekideagoa lortzeko ezinbesteko euskarria da eta. Testuinguru horretan, Arartekoak gizarte osoari eta erakundeei eskatzen die indartsu berritu dezatela arlo guztietan emakumeen eta gizonen berdintasuna aldarrikatzeko eta horren alde borrokatzeko konpromisoa, horixe baita bide bakarra emakume ororentzat indarkeriarik gabeko bizitza erdiesteko.

2020ko azaroaren 24a