Arartekoaren erakunde adierazpena, Europaren Eguna Ospatzen dela eta

2020ko maiatzaren 9a

Maiatzaren 9an Europaren Eguna ospatzen dugu. Itxialdian egon arren, Arartekoan egun hau gogoratu nahi izan dugu, izan ere, aurten 70 urte bete dira Robert Schuman Kanpo Arazoetako ministroak Adierazpena egin zuenetik, eta adierazpen hura orain daukagun Europako proiektuaren sortze-unetzat jotzen da.

Sortze-une hartan euskaldun ospetsu batzuek parte hartu zuten arren, diktadurak Europako proiektuaren lehen 30 urteak kendu zizkigun. 1977an Europako Kontseiluan eta 1986an Europako Ekonomia Erkidegoan sartu ondoren, Europako integrazioan parte hartzen hasi ginen Pirineoaren alde honetan. Harrezkero, ezin kontatuzko onurak jaso ditugu. Europan sartzeak munduko demokrazia onenen parean jarri gintuen, eta ez hori bakarrik, gure garapen ekonomikoan, gure azpiegituretan eta gure eskubideetan aurrera egiten ere lagundu zigun. Gaur egun ez dago inolako dudarik ingurumena babestea, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babestea eta datuak babestea ez liratekeela gauza bera izango Europaren bultzadarik gabe.

Egia da bolada gogorrak izan direla. Europan hartutako erabaki batzuek ondorio kaltegarriak izan dituzte. Europak 2008ko krisi ekonomiko eta finantzarioari eman zion erantzunak biztanleriaren sektore batzuen gaitzespena jaso zuen, abandonatuta eta kaltetuta sentitu baitziren, eta ulertarazi zigun ez dela beti erraza izaten gure Europako bizilagunekin ados jartzea. Errefuxiatuen etorrerari eman zitzaion erantzunak ere ez zituen asebete askoren itxaropen moralak. Halaxe gertatzen da kide desberdineko erkidego bat eraikitzen denean. Hala ere, Europako beste programa batzuei esker, Erasmus kasu, badakigu egiaz ez garela hain desberdinak. Aitzitik, elkarren oso antzekoak gara.

Euskal gizarteak, irizpide egokiarekin, Europan uste sendoa izaten jarraitu du, eta, oraingo egoeran, uste horren indarra funtsezkoa da baterako konponbide bat aurkitu ahal izateko. COVID-19aren testuinguruan ere, erantzunak Europa deritzo. Euskadin ondotxo ohartzen gara horretaz, muga itxita ikusita. Zirkulatzeko askatasunak (horren falta sumatzen dugu orain, eta ez diogu uko egin nahi) denok batera pentsatzera behartuko gaitu, Europan etorkizunean izan daitezkeen izurriei erantzuteko moduez. Alabaina, Europa dagoeneko jarduten ari da. Osasun-materialaren erosketa zentralizatuak eginez; aberriratzeko baterako hegaldiak eginez, zeintzuek Europara bueltan ekarri dituzten, hegazkin beretan, Batasuneko herrialde ezberdinetako herritarrak; Europako Banku Zentralaren baloreak 750.000 milioi euroan erosteko planaren bitartez; osasun-sistemei, enpresei eta langabeei diruz laguntzeko planen bitartez, edo txertoak eta denok erosteko moduko tratamenduak garatzeko asmoz 7.400 milioi euro bildu dituen munduko kanpainaren bidez, Europak erakutsi du zer-nolako balioa duen gure bizitzetarako. Negoziazioak berriro ere, ez dira errazak izan, baina guztien interesak orekatzea lortu duten akordioak egin dira.

Arartekoak Europan uste osoa izaten jarraitzen du eta Europako elkartrukean parte hartzen du gure kontinenteko beste herriaren defentsa-erakunde batzuekin. Gaur, Euskadiko herritarrei eskatu nahi die beraien uste sendoari eusteko, Europaz gozatzeko eta Europa hobeto ezagutzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 8a