Arartekoaren erakunde-adierazpena Ingurumenaren Munduko Egunean

Lur bakarra eta garbia, etorkizuneko belaunaldientzako gure ondarea

2022ko ekainaren 5a
 

Ararteko erakundeak bat egin nahi du Ingurumenaren Munduko Egunaren ospakizunarekin. Egun horrek 50 urte geroago berreskuratu du 1972ko Stockholmeko Bilkuraren goiburua: “Lur bakarra”.

Lurra da jasotzen dugun ondare bakarra, etorkizuneko belaunaldiei utziko diegun bakarra. Apaltasunez eta arduraz onartu behar dugu datozen belaunaldiek Planeta okerragoa jasoko dutela igarotze horretan, hondakin-zama handiarekin, gas kutsatzaileekin eta espezie eta habitat aniztasun gutxiagorekin.

2022ko Ingurumenaren Munduko Egunean, Arartekoak bat egin nahi du batez ere gazteenak diren ahotsen marea horrekin; horiek aldaketa sakonak eskatzen dizkiete gobernuei beren politiketan, gure ondare ilun hori lehengoratzeko eta Lur garbiagoa utz diezaiegun, berorrekin harmonian bizitzeko.

Erakunde honek beti aldeztu izan du gure gazteen ikuspegiak inspiraziotzat balio behar duela erabaki publikoak hartzeko orduan. Bereziki ingurumen arloan, gazteak beti konprometituta egon dira Lur Planetaren etorkizun jasangarriarekin; hortaz, gazteen iritzia erabakigarria da kutsaduraren eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko beharrezkoak diren politika publikoak onartzeko, baita ondasun eta baliabide naturalak babesteko ere.

Erakunde honek adi entzun du haien hitza  egun hauetan, izan ere, Arartekoko Haur eta Nerabeen Kontseiluak justizia klimatikoaz eztabaidatu du; orobat, ekarpen guztiak biltzeko erne egongo da ekainaren bukaeran, Defentsa-erakundeen Europako Sarean (ENOC) parte hartzen duten organo guztien topaketan. Arartekoak Bilbon hartuko du topaketa hori.

Horregatik, Arartekoak egun honetan azpimarratu nahi du oso garrantzitsua dela geroko belaunaldiekin dugun erantzukizunari buruzko eztabaida publikoaren erdigunean jartzea gazteak, premiazko trantsizio ekologikoa, bidezkoa eta barneratzailea bultzatzeko, Planetari egindako kaltea murriztu eta hori lehengoratu dadin. 

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 4a