Arartekoaren erakunde-adierazpena, migratzailearen nazioarteko eguna dela eta
Abenduak 18
Arartekoak giza eskubideen unibertsaltasuna defendatzeko deia egiten du, Euskadi askotarikoa, orekatua eta kohesionatua eraikitzeko oinarria izan dadin. Pertsonen jatorria edozein dela ere pertsona guztiek, baldintza berdinetan, euskal gizartearen ongizate kolektiboari lagunduz bizitza hobea lortzeko aukera izango duten Euskadi.
Egun honetan Arartekoak elkartasuna adierazi nahi die bizitza duina bilatzeko erronka latzei aurre egin behar dieten migratzaileei. Horietako asko esklabotza, indarkeria eta esplotazio egoeretan bizi dira, eta ibilbide ikaragarriak eta ezbeharrez beteak egiten dituzte gizaki guztiei aintzatetsitako oinarrizko eskubideez gozatu ahal izateko eta behar adina bizi-baliabide lortzeko aukerak izateko.
Euskadin biztanleen % 12,4 inguru atzerritarrak dira Ikuspegi, Immigrazioaren Euskal Behatokiaren datuen arabera. Zifra horrek eragin nabarmena du gure erkidegoko bizitza sozialean eta ekonomikoan. Errealitate horren aurrean, euskal administrazio publikoek migratzaileen integrazioa sustatzeko eta desberdintasunari eta diskriminazioari aurre egiteko erronkari ekin behar diote.
Testuinguru horretan onartu berri da Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Ituna eta onespen hori giza eskubideak, askotarikotasunaren kudeaketa arduratsua eta gizarte plurala eraikitzea lehenetsiko dituen esparruan txertatu behar da. Euskadiren esperientziak erakusten du gizarte-ingurune inklusiboan posible dela migratzaileekiko errespetua eta horien integrazioa eta parte-hartzea uztartzea.
Arartekoak, era berean, Nazio Batuek babesten duten Migrazio Seguru, Ordenatu eta Erregularrerako Mundu Ituna ekarri nahi du gogora, diskriminazioa desagerrarazteko eta migratzaile guztien giza eskubideekiko errespetua bermatzeko funtsezko tresna delako. Migrazioaren kudeaketa zuzena eta duina ez da bakarrik agindu etiko bat, garapen jasangarrirako eta gizarte demokratiko guztien oparotasunerako giltzarria ere badelako.
Horregatik giza eskubideen unibertsaltasuna defendatzeko deia egin behar da, Euskadi askotarikoa, orekatua eta kohesionatua eraikitzeko oinarria izan dadin. Pertsonen jatorria edozein dela ere pertsona guztiek, baldintza berdinetan, euskal gizartearen ongizate kolektiboari lagunduz bizitza hobea lortzeko aukera izango duten Euskadi.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 17a