Arartekoaren gomendioari jarraiki, Barakaldoko Udalak aldatu egingo du gizarte larrialdietarako laguntzak eskatzeko inprimakia

Elkarte bat Arartekoarekin harremanetan jarri zen, Barakaldoko gizarte-larrialdietarako laguntzen (GLL) eskaerak izapidetzean izandako hainbat irregulartasun salatzeko. Besteak beste, laguntzak eskatzeko erabiltzen den inprimakia, izan ere, bertan, GLLen eskatzaileei eskatzen zaie aukera dezatela beren artean bateraezinak diren zenbait gastu-kontzepturen artean.

Arartekoak laguntza eskatu zion Barakaldoko Udalari, eta hark informazio zehatza eman zuen prozedurari zegozkion gai batzuez, baita GLLak emateko irizpide, epe eta izapideei buruz ere. Laguntzak eskatzeko inprimakia dela eta, esan zuen erabilgarria zela laguntza horiek emateko aukerak argi azaltzeko.

Kexa-espediente hau izapidetzeari esker ezagutu ahal izan dugu Barakaldoko Udalak zer prozedura erabiltzen duen GLLak emateko, eta eskaera kopuru handi bat jasotzean, zer ahalegin egiten duen eskaera horiek objektiboki kudeatzeko.

Arartekoak, Barakaldoko Udalari berriki igorri dion ebazpen batean, adierazi zuen oso garrantzitsuak zirela prozeduraren oinarrizko bermeak, eta udalak horiekiko konpromisoa agertu zuen. Ebazpen horretan egindako gogoetak aintzat hartuta, gomendatu zion alda zezala GLLak eskatzeko inprimakia, eta, beraz, ken zezala “1. eta 2. blokeetako kontzeptuak bateraezinak dira beren artean” dioen esaldia.

Udalak onartu egin du gomendioa, eta jakinarazi du laguntzak eskatzeko inprimakia aldatuko duela, aipaturiko esaldia kendu eta honako hau jarriz “1. blokea emateak 2. blokean gehieneko mugak aplikatzea dakar”. Inprimakia egoitza elektronikoan ere aldatuko da.

Arartekoak ontzat jo du aldaketa hori, bada, horrela, ezarri beharreko araudiari hobeto doitzen zaion informazioa emango da.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 23a


Lotutako dokumentazioa

Ebazpena