Arartekoaren herritarren foroa, hiri-mugikortasun jasangarriari buruzkoa: hiri-mugikortasun jasangarrirako eskubidea eta herritarren ikuspegitik dituen betebeharrak
Arartekoak hiri-mugikortasun jasangarrirako eskubideari buruzko herritarren foroa antolatu du gaur Bilboko Bizkaia Aretoan.
Foro honen helburua eztabaida irekia eta parte-hartzailea sustatzea da, arreta berezia honako hauetan jarriz: mugikortasun aktiboa, garraio publikoaren sustapena, ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea eta emisio txikiko eremuen bidez ibilgailu kutsatzaileak murrizteko neurriak.
Jardunaldiari hasiera emateko hitz egin dute Manuel Lezertua arartekoak, José Antonio Santano Garraioko Estatu idazkariak eta Susana Gargía Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak.
Jasangarritzat jotzeko, hiri-mugikortasunak ahalik eta eragin txikiena izan behar du ingurumenean, ekonomian eta gizartean. Xedea giza joan-etorriak ahalik eta bizi-kalitate handiena sortzeko moduan antolatzea da.
Mugitzeko eskubidea erabiltzerakoan nahitaez hartu behar dira kontuan gure ingurunea babestearen eta osasun eta ongizate kolektiboa bermatzearen erantzukizuna. Zentzu horretan Manuel Lezertua arartekoak honakoa adierazi du: "Derrigorrezkoa da gure hirietan kutsatzen duen ibilgailuaren erabilera murriztea, eta ez bakarrik kutsadura eta klima-aldaketaren ondorioak murrizteko, legezko arrazoiak ere badaudelako, Legeak neurri hauek babesten baititu. Bidezkoak dira, eragindako kolektibo guztientzako konpentsazio-neurriak eragiten dituztelako. Gogoratu behar dugu neurri hauen helburua ez dela mugikortasunerako eskubidea mugatzea, baizik eta, aitzitik, mugikortasun seguruagoa, osasungarriagoa eta guztiontzako bidezkoagoa sustatzea".
Arartekoaren iritziz arduradun publikoen eta herritarren helburuak honako hau izan behar du: "hiri-mugikortasun mota bat sustatzea, jasangarria ez ezik, inklusiboa, eskuragarria eta aktiboa ere izango dena. Horrek esan nahi du gure hiriak birpentsatu behar ditugula espazio publiko atseginak, hurbilak eta benetan bizigarriak edukitzeko".
Azken batean, bizikidetza sustatzen duten inguruneak sortzea da helburua, pertsona guztiek, haien adina, egoera fisikoa edo sozioekonomikoa edozein dela ere, eskuragarri izan ditzaten.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 11