Arartekoaren Nerabeen Kontseiluko neska-mutilek Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dituzte justizia klimatikoari eta haurren eta nerabeen eskubideei buruz egin duten lanaren ondorioak

Administrazio eskudun guztiei eskatu diete haurrek ingurumen osasuntsua izateko duten eskubidea errealitate bihurtzeko ahaleginak areagotzeko

Kontseiluko neska-mutilek jarduera batean parte hartu dute  legebiltzarkideekin batera. Topaketa horretan iritziak kontrastatu dituzte eta justizia klimatikoari eta haurren eskubideei buruz dituzten kezkak azaldu dituzte.

Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko Arartekoarekin batera gazte hauek Bakartxo Tejeriari, Eusko Legebiltzarreko lehendakariari,  klima-larrialdiak haurren eta nerabeen eskubideei nola eragiten dien hausnartzeko lanaren ondoren aurten egin dituzten gomendioen dokumentua eman diote.

Kontseilua Arartekoaren partaidetza-organoa da eta Euskadiko hainbat udalerritako 14 eta 17 urte bitarteko 24 neska-mutilek osatzen dute. Kontseiluaren xedea entzunak izateko eta euren bizitzetan eragina duten erabaki guztietan euren iritzia kontuan hartzeko eskubidea inplementatzea da. Hala  Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak nesken eta mutilen ikuspegia, kezkak eta ekarpenak txertatzen ditu bere lanean.

Aurten, Haurren Defentsarako Europako Sareak (ENOC) proposatutako lan-gaiarekin lerrokatuta eta Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak sareko aholkulari gazteek parte hartzeko programa (ENYA) koordinatzeko lana hartu duenez, Nerabeen Kontseiluak sakon landu du Justizia Klimatikoaren gaia. Lan honi amaiera emateko “Ekintza Klimatikoaren” arloko 5 gomendio eta “Mugikortasun jasangarriaren eta lurraldearen antolamenduaren” arloko bi gomendio ondorioztatu dituzte.

Nabarmentzekoa da Hezkuntzari dagokionez egin duen lehen gomendioa, ENYA programaren barruan Europa mailara iritsi den lehen gomendioarekin bat datorrena. Gomendio  hau hezkuntza-maila guztietan klimari buruzko irakasgai bat sartu beharrari lotuta dago, ikaskuntza aktiboko metodoak aplikatuz.

Urtean zehar egindako lan guztia dokumentu batean jasota geratu da. Agiri honek Europako, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko erakundeei haurrek ingurumen osasuntsua izateko eta euren iritziak kontuan hartzeko duten eskubidea errealitate bihurtzeko ahaleginak areagotzeko eskatzen die.

JUSTIZIA KLIMATIKOA-GOMENDIOAK

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 21a