Arartekoko Haur eta Nerabeen Kontseilua
38 neska-mutil Espejoko gazteen aterpetxean elkartuko dira eta zenbait proposamen egingo dituzte, babes-sisteman haur eta nerabeen eskubideen erabilera eta defentsa hobetzeko
Asteburu honetan bilduko da berriro Arartekoko Haur eta Nerabeen Kontseilua, zaintza alternatiboa jasotzen duten haur eta nerabeen eskubideez ikasturte honetan egin duten lana bukatzeko. “Zaintza alternatiboa” kontzeptua erabiltzen dugu administrazioaren tutoretzapean dauden adingabeak aipatzeko, haien gurasoek zenbait inguruabarrengatik, seme-alaben heziketa-betebeharrak modu egokian betetzen ez dituztenean.
Gai hori aukeratuta, Arartekoari ezinbestekoa iruditu zitzaion Kontseiluaren ohiko prozesuan jasotzea Euskadin babes-neurri bat duten eta beraien familiengandik bananduta bizi diren neska-mutilen hitza eta iritzia. Horren emaitza gisa, hiru prozesu paralelo garatu dira martxoa eta maiatza bitartean.
Talde bakoitzak aurretiaz egindako saioetan, 13 eta 17 urte bitarteko 50 nerabek baino gehiagok hartu dute parte, nahiz eta Espejoko gazteen aterpetxean egingo den bilerara 38 bakarrik joango diren. Aurreko bi lan-saioetan, talde bakoitza hausnartzeko prestatu da eta, oraingoan, guztiak batera eta elkarrekin, babes-sisteman haurren eskubideen erabilera eta defentsa nola hobetu proposatzeko.
Aurreko urteetan bezala, hausnarketa-lan hori egin den aldi berean, lanean aritu dira ENOC sareko haurren defentsa-erakunde batzuetako beste partaidetza-talde eta -kontseilu batzuk, ENYA –European Network of Young Advisors–proiektuaren esparruan.
ENYA programak nerabeen parte-hartze esanguratsua bultzatzen du eta Arartekoko Nerabeen Kontseilua aktiboki bertan parte hartzen ari da 2017. urteaz geroztik.
Espejoko topaketa horretan adostuko diren proposamenak eta gomendioak FORUM ENYA 2024 izenekora (Bratislava -Eslovakia-, uztailak 1 eta 2) helaraziko dituzte Kontseiluko bi ordezkarik. Han Europako beste defentsa-erakunde batzuetako partaidetza-kontseiluetako nerabeekin bilduko dira, lurralde bakoitzean egindako hausnarketak bateratzeko eta proposamenen inguruko akordioak lortzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 31