Arartekoko Nerabeen Kontseilua

Kontseiluko neska-mutilek Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoari emango dizkiote justizia klimatikoari buruzko ENYA FORUMean ateratako ondorioak

Bihar, larunbata, Bilboko Kastrexana aterpetxean egingo da Arartekoko Nerabeen Kontseiluaren 2021-2022 ikasturteko azken bilera.

Irun, Donostia, Mungia, Morga, Maruri, Erandio, Barakaldo eta Gasteizko 25 neska-mutilek egun osoa emango dute joan den ikasturtean haur eta nerabeei eta justizia klimatikoari buruz landutakoa laburbiltzen. 

ENYA (European Network of Young Advisors) proiektuan izan dugun partaidetzaren emaitza ezagutu ahal izango dugu. Ekimen horrek haur eta nerabeen parte-hartzea bultzatzen du Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarearen (ENOC) jardueran. 

Arartekoko Kontseiluko bi ordezkarik, Patriciak eta Peiok, foro horretako parte-hartzaileen ondorioak eta ekarpenak eraman zituzten Europako bi topaketatara; ekainean eta irailean egin ziren, Bilbon eta Reykjaviken, hurrenez hurren.

Biharko bilera horretan, Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoak parte hartuko du; Kontseiluko neska-mutilek berari azaldu eta emango dizkiote justizia klimatikoari eta haurren eskubideei buruzko ondorio eta gomendio horiek.

Azkenik, neska-mutilei agur esango diegu, hiru ikasturteren ondoren, gure Kontseiluan egin duten ibilbidea amaituko baitute. 

Eskerrik asko, Aitor, Aroa, Celia, Erlantz, Sergio, Unai eta Valeria, bihotz-bihotzez!!


Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 21a