Arartekoko Nerabeen Kontseiluaren topaketa

Justizia klimatikoa

Asteburu honetan, ekainaren 3, 4 eta 5ean, Arartekoko Nerabeen Kontseiluaren 2021-2022 ikasturteko hirugarren topaketa egingo da Lekeitioko Trinkete aterpetxean. Foro horretan parte hartzen duten neska-mutilek beren lana amaituko dute ikasturte honetarako aukeratu zen gaiaz: Justizia Klimatikoa.

Kontseiluaren aurreko bileran (otsailean egindakoan), lehen hausnarketak azaldu zituzten proposaturiko gai nagusiaren gainean (ekintza klimatikoa eta haurrek eta nerabeek ingurumen arloko erabakietan parte hartzea) eta mugikortasun jasangarriaren gaian ere sakontzea adostu zuten, gai horrek interesa piztu baitzien egin zitzaizkien proposamenen artean.

Honako hauek dira, beraz, datozen egunetako bilerarako bi lan-ildo nagusiak.

Aurreko urteetan bezalaxe, aldi berean egin dira Kontseiluaren hausnarketa eta ENOC sareko (Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarea) haurren defentsa-erakunde batzuetako zenbait lantalde eta kontseiluren lana, ENYA (European Network of Young Advisors) izeneko proiektuaren esparruan.

ENYA programak 13 eta 17 urte bitarteko nerabeen parte-hartze nabarmena bultzatzen du. Arartekoko Nerabeen Kontseilua 2017az geroztik aktiboki parte hartzen ari da programa horretan eta sare horretan.

Urtero jorratzeko gai bat aukeratzen da, aurten Justizia klimatikoa, eta gomendioak egiten zaizkie administrazio eskudunei. Parte hartzen duten Europako herrialde guztien artean gomendio komun batzuk egiteko, ENYA FORUM deritzan topaketa egiten da.

ENYA FORUM 2022 Euskadin egingo da, ekainaren 28, 29 eta 30ean, Arartekoko Haur eta Nerabeentzako Bulegoak antolatuta. Europako 17 eskualdetako 34 gaztek elkarri beren hausnarketak adieraziko dizkiote talde bakoitzean lantzen ari diren gaiei buruz, haurren eskubideak babestearen eta giza eskubideen ikuspegitik begiratuta.

Aurten lurralde hauek hartuko dute parte: Andaluzia, Albania, Flandria, Katalunia, Kroazia, Euskadi, Estonia, Frantzia, Grezia, Italia, Malta, Polonia, Eslovakia, Ipar  Irlanda, Gales, Eskozia eta Jersey. Ukraina programa horretakoa da, baina, zoritxarrez, ez du parte hartzerik izango.

Datorren asteburuan Lekeition adosten diren Arartekoko Kontseiluaren proposamen eta gomendioak bi ordezkarik eramango dituzte ENYA FORUM 2022ra.


Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 31