Auto-gidari batek gidatzeko baimeneko puntuak berreskuratu ditu, Arartekoak hainbat gestio egin ondoren

Auto-gidari batek esku hartzeko galdatu zion Arartekoari, izan ere, trafiko-arauak hautsi zituela-eta, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak isun bat ezarri zion eta puntuak kendu zizkion. Kexagileak ordainketa murriztua egin ostean, sail horrek puntu-kentzearen ondorioak ordainketa gauzatu zen egunaren biharamunera atzera zitzan nahi zuen.

Kexagileak adierazi zigunez, ordainketa murriztua egin eta gero, ordainketa murriztua egin eta gero, ikastaro bat burutu zuen, baimenduta dagoen puntu kopururik handiena berreskuratzeko asmoz, baina ez zuen berreskuratu arau-hauste hari zegozkion puntuetatik bakar bat ere, bada Trafikoko Zuzendaritza Nagusiari jakitera eman zioten puntu kentzearen eragin-data ez zen izan ordainketa-egunaren biharamuna, nahitaez egin behar zen bezala, baizik eta ikastaroaren ondorengo beste data bat.

Interesdunaren esanean, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren jakinarazpen bat jaso zuenean jakin zuen ez zuela punturik berreskuratu. Jakinarazpen hartan adierazi zioten beste arau-hauste baten ondorioz, puntu guztiak eta gidatzeko baimena galdu zituela.

Sail horri informazioa eskatu genion eta, hark azaldu zigunez, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiari eskatu zion puntu-galtzearen ondorioak kexagileak eskatutako moduan alda zitzala.

Informazio hori kontuan hartuta, konpondutzat jo genuen kexagileak azaldutako arazoa eta espedientea itxi genuen.


Vitoria-Gasteiz, 2014ko otsailaren 21a