Beasaingo udalak baiezkoa eman dio Arartekoaren gomendio bati

Adikzioei eta droga-mendekotasunari arreta integrala emateari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legea onartu zen urtean, Arartekoak arretaz aztertu zuen gai hau: adingabeek edari alkoholdunak lor ez ditzaten kontrolatzea. Jarduera hura zenbait udalekin egin zen, izan ere, herritarrek behin eta berriz adierazten ziguten, gutxi-asko eta formatu ezberdinetan, kezkatuta zeudela nerabeek edari alkoholdunak kontsumitzen zituztelako, nahiz eta debekatuta egon adingabeei halakoak saltzea. Hala ere, Arartekoaren gomendioa, egiaz, Euskadiko udal guztientzat zen, arazo hori guztiz zabalduta baitago.

Arartekoak bere jarduera bukatu zuenean, egiaztatu zuen neska-mutil adingabeek edari alkoholdunak kontsumitzea oso gai konplexua dela eta, konpondu nahi bada, eragile guztien laguntza behar dela, erakundeetako nahiz gizarteko eragileena eta norbanakoena. Oraingo honetan, noizbait Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin edo Osasun Sailarekin egin zuen bezala, Euskadiko udalei beren betebeharrak gogorarazi zizkien, beren udalerrietan neska-mutil adingabeei alkoholik eman ez diezaieten kontrolatzeari dagokionez. Jarduera publikoaren oinarrian zegoen, beste behin ere, haur eta nerabeek osasunerako eta osotasun fisiko eta mentalerako duten eskubidea babestea.

Arartekoak pozik ikusi du udalen batek, Beasaingoak kasu, dagoeneko onartu duela gomendioa, Arartekoari jakinaraziz zer jarduera egiten ari den, eta, gainera, adieraziz adingabeei edari alkoholdunak saldu eta hornitzea ikuskatzeko jarduerak gehitzeko asmoa duela -ahal duen neurrian . Erakunde honi oso egokia iruditzen zaio Beasaingo Udalak arazo horri konponbideak bilatzen esku hartzea, bada, hasieran adierazi dugunez, horretarako behar-beharrezkoa da erakundeen, gizarte zibilaren eta erkidego hau osatzen dugun guztion elkarlana, erkidego honetan hazten ari baitira gure neska-mutilak, eta horixe baitute eredu.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 17a