Ebazpen hori herritar batek egindako kexaren ondorioz sortu zen. Herritarra ez zegoen konforme Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen jarduerarekin, izan ere, etxebizitza-aldaketa bat onartu ondoren, aldaketa atzeratu egin zen. Zehazki, kexagileak azaldu zuen 5 kideko bizikidetza-unitatea osatzen duela. Kideetako bat adingabea da eta beste bik, senarrak eta seme gazteenak, aitortua dute %67ko eta %39ko desgaitasuna, hurrenez hurren.
2022ko azaroan, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeari jakinarazi zion etxebizitzak ez zeukala beharrezko azalera erabilgarririk familia modu egokian bizitzeko, eta etxebizitza aldatzeko eskatu zuen. Argudiatu zuen etxebizitzak 51 m2-ko azalera erabilgarria besterik ez duela eta, horren ondorioz, etxebizitza horretan familiaren eguneroko bizimodua guztiz baldintzatuta zegoela.
Eskaera hari erantzuteko, 2023ko otsailean, erakunde horrek eskaera onartu zuen eta bizi ziren etxebizitza ez zela egokia aitortu zuen. Etxebizitza-aldaketa gauzatzea atzeratzen ari zenez gero, 2024ko apirilean, kexagileak berriro egin zion eskaera. Hala ere, eskaera egin zuenetik bi urte baino gehiago igaro arren, kexagileak etxebizitza berean bizitzen jarraitzen zuen.
Informazioa galdegin ostean, Arartekoak Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeari gomendatu zion beharezko neurriak har zitzala kexagileak eta bere bizikidetza-unitateak etxebizitza duin eta egokia izateko duten eskubidea behar bezala bermatzeko, ahalik eta lasterren. Era berean, eskatu zion argudiatzeko ahalegin handiagoa egin zezala bere erantzunetan erabiltzen dituen arrazoiak azaltzean, baldin eta etxebizitza-aldaketa onartua duten maizterrek argibideak eskatzen badituzte tokiko erakunde autonomo hori eskubide hori gauzatzeko egiten ari den jarduerez edo eskubidea gauzatzea atzeratzearen zergatiez.
Arartekoaren gomendioari eman dion erantzunean, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak berariaz adierazi du ebazpenaren edukia onartzen duela eta bertan egindako gogoetak betetzeko konpromisoa hartzen duela. Arartekoak eskertzen du Bilboko Udalaren eta Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen lankidetza, baita kexa honetan azaldutako arazoa konpontzeko erakutsi duten erabakitasuna ere. Orobat, aitortzen du etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea bermatzeko egiten ari diren ahalegin jarraitua.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 26a