Bilboko Udalak Arartekoari ziurtatu dio aurretiko hitzordua ez dela nahitaezkoa auzoko udal-bulegoetan izapide administratiboak egiteko
Herritar batek kexa egin zuen Arartekoan ezin izan zuelako izapide bat egin Deustuko Udaltegian, aurretiko hitzordua hartzea derrigorrezkoa zelako. Horren ondoren, Arartekoak ebazpen bat eman zuen eta, horren bitartez, Bilboko Udalari eskatu zion kendu zezala auzoko udal-bulegoetan izapide administratiboak egiteko nahitaez aurretiko hitzordua hartu beharraren baldintza.
Udalak emandako erantzunean baieztatu zuen aurretiazko hitzordua ez dela nahitaezkoa eta lehentasuna soilik ematen duela. Hala ere, Arartekoak informazio horren eta udalaren webgunean argitaratuta dagoen informazioaren arteko aldeak aurkitu zituen.
Duela gutxi, Udalak Arartekoari jakinarazi dio bulegoetan izapideak egin daitezkeela aurretiko hitzordua izanda nahiz hitzordurik izan gabe. Nolanahi ere, lehentasuna ematen zaie aurretiko hitzordua duten herritarrei eta, aurretiko hitzordua ez dutenei arreta emango zaie baldin eta langileak libre badaude. Nabarmendu du, San Agustin eraikineko bulegoan aurretiko hitzordua ez duten herritarrei arreta emateko berariazko postu bat jarri dela eta, gainera, hitzordua hartzeko hainbat kanal daudela: telefonikoa, web-orrialdea, Bilbaoclik makinak eta aurrez aurrekoa.
Hala, web-orrialdeko informazioa eguneratu behar dela onartu du, alde batetik, aurretiko hitzordua borondatezkoa dela jakinarazteko eta, bestetik, aurretiko hitzordua beharrezkoa dela baieztatzen duten aipamenak kentzeko. Gainera, baieztatu du eguneraketa hori eskatu duela eta ahalik eta azkarren egingo dela hitzeman du.
Bestalde, udalak barkamena eskatu dio kexagileari eragin dizkion eragozpenengatik.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 22a