Bisitak egin dira gizarte-larrialdietako udal-gizarte-zerbitzuetara
Arartekoak bisitak egiten jarraitzen du udaletako gizarte-zerbitzuetara eta etxerik gabeko pertsonak artatzen dituzten gizarte-baliabide, jantoki, aterpetxe eta eguneko zentroetara, kezkatuta baitago bizitegi-bazterketa egoeran dauden pertsonen kopurua gehitu delako, baita kalean bizi diren emakumeen kopurua ere
Etxerik gabeko pertsonen gaueko zenbaketetan egiaztatzen ari denez, ugaritu egin dira kalean bizi diren pertsonak, gizon nahiz emakumeak. Udalek eta foru aldundiek kudeatzen dituzten gizarte-baliabideetan plazen kopurua handitu duten arren, gizarte-arazo horrek anitz alderdi ditu eta beharrezko egiten du eragile askoren lankidetza eta ikuspegi osoa.
Urtero, Arartekoko zenbait langilek bisitak egiten dituzte gizarte-larrialdietako udal gizarte-zerbitzuetara, jakin nahi baita zer-nolako arreta eskaintzen ari diren gure autonomia erkidegoan bizi diren etxegabeen beharrei erantzuteko aurreikusitako gaueko ostatuetan, eguneko zentroetan eta gizarte-jantokietan.
Bisita horiei esker, errazago jakiten da udal gizarte-zerbitzuetan nolako arreta ematen den, izan ere, handitu egin da etxerik edo ostatu seguru eta egokirik ez duten pertsonen kopurua, eta egoera horiek larriagotu egiten dira neguko baldintza klimatologikoekin.
Gainera, bisita horiek aukera ematen digute honako hauek betetzen ote diren ikusteko: Bizitegi-bazterketa Larriaren aurkako II. Euskal Estrategia 2024-2028; Arartekoaren Gomendio orokorra: “Euskal administrazio publikoek jarraipena eman behar diete kalean bizi diren pertsonak artatzen orain arte egindako ahaleginei, betiere Etxegabeentzako Euskal Estrategiako (2018-2021) jarraibideak betez” eta horren bilakaera aztertzeko ondorengo ebazpena.
Arartekoak gertutik ezagutu nahi du dauden zerbitzuen egoera, gizarte-baliabide horietara joanez eta gizarte-erakundeekin bilerak eginez, egindako kexen kopurua handitzeari erantzuteko. Kexa horietan salatzen dute ez daukatela beren oinarrizko beharrak asetzeko ostaturik eta estaldurarik.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 4a