Skip to main content
  • Arartekoak Gasteizko Udalari gomendatu dio ken dezala posta elektronikoz NANaren kopia bat bidaltzeko eskakizuna idazkiak udalaren erregistro elektronikoaren bidez aurkezteko. Jardunbide hori herritar baten kexaren harira antzeman da eta ez dator bat administrazio-prozedurari buruzko indarreko araudiarekin, ezta udal ordenantzarekin berarekin ere. 

    Arartekoak ondorioztatu duenez, norbaitek bere burua identifikatzeko ziurtagiri elektroniko kualifikatua erabiltzen badu -Izenpek emandakoak bezalakoak edo NAN elektronikoa-, ez da beharrezkoa nortasun agiriaren kopia ematea. Egiaztatzea automatikoki eta modu seguruan egiten da, sistemaren beraren bidez. 

    Gainera, erakunde honek ohartarazten du administrazioak jada badauzkan agiriak ez aurkezteko eskubidea urra dezakeela eskakizun horrek, baita ere datu pertsonalak minimizatzeko printzipioa, datuak babesteko araudian aurreikusitakoa. 

    Horregatik guztiagatik, Arartekoak udal horri eskatu dio identifikazio elektronikoko legezko estandarretara egokitu dezala bere erregistro-sistema, eta alferrikako oztopoak saihestu ditzala zerbitzu publiko digitaletarako sarbidean.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 17a
     

  • Orobat, eskatu dio aurretiko hitzordua aukeran utz dezala, elektronikoki eta aurrez aurre nola funtzionatzen duen behar bezala jakinaraz dezala, baita ere zer kasutan ez den beharrezkoa erabiltzea
  • Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoa Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordearen aurrean agertu da, Hizkuntza-eskubideen defentsan izandako esperientziaren, aurrera eramandako jardueren eta aurrera begira eman beharko liratekeen urratsen berri emateko

    INTERBENTZIOA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 11

  • Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari eskatu dio berrazter dezala aingiraren (angula fase gaztean) arrantza profesionalari buruzko araudia, aingira europarraren populazioa berreskuratzeko Europar Batasunaren Zuzenbideko eskakizunetara egokitzeko.

    Gomendioa kexa batek eragin zuen. Izan ere, Mutriku Natur Taldea ingurumena babesteko plataforma elkarteak kexa egin zuen eta zalantzan jarri zuen 77/2024 Dekretuaren legezkotasuna eta egokitasuna. Dekretu horren bidez baimendu zen lehenengoz Euskadin angula-arrantza profesionala, ordura arte aisialdirako bakarrik baimendutakoa.

    Elkarte horrek azaldu zuenez, angula arrantzatzeko araudiak kontuan hartu behar ditu aingiraren kontserbazio-egoera kritikotik eratorritako betebeharrak. Egoera hori nazioarteko zenbait erakundek aitortu dute, esate baterako, Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluak. Kontseilu horrek behin eta berriz gomendatu zuen hilkortasun antropogenikoa zerotik ahalik eta gertuen mantendu zedila, eta horren murrizketak Europar Batasuneko Zuzenbidean jasota daude, zeinak aisialdiko arrantza debekatzen zuen eta orduan zegoen arrantza profesionala soilik mantentzea baimentzen zuen, murrizketa batzuekin.

    Arartekoak arretaz aztertu ditu europar aingiraren populazioa berreskuratzeko betebeharrari buruzko EBko araudia, EAEko aingira kudeatzeko plana eta arrantza profesionala ahalbidetzeko adostutako neurrien justifikazioa. Erakunde honen ustez, arrantza profesionalaren gaineko araudiak justifikazio egokia behar du, irizpide zientifikoetan oinarritutakoa, Europako araudian jasotako kontserbazio-betebeharrak betetzen dituena. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari gomendatu dio berriz azter dezala angula-arrantzari buruzko araudia, Europako kontserbazio-neurrietara doitzeko, horren arrantza profesionala ahalik eta gehien mugatuz eta birpopulatzeko neurriak ziurtatuz.

    Aingira europarra kontserbazio kritikoko egoeran katalogatutako espezie bat da, eta hori berreskuratzea lehentasuna da nazioartean. Arartekoak gogorarazten du arrantza-kudeaketaren arloan hartzen diren erabakiek jasangarritasun ekologikoa, gardentasuna eta Europako indarreko ingurumen-araudia betetzea izan behar dituztela ardatz nagusi.

    Bestalde, Arartekoak bukatu du bere esku-hartzea Euskadiko Angulero Elkarteak egindako kexa batean. Elkarte horrek salatu zuen ez zegoela parte-hartzerik Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuak onartutako Aingira Europarra Berreskuratzeko 2024-2034 Plan Integrala izapidetzean.

    Kasu horretan, Arartekoak onartzen du plan hori programatikoa eta ez arau-emailea dela eta, beraz, ez dituela bete behar xedapen orokorretarako eskatzen diren izapideak. Hala ere, bere iritziz, aldundiak informatu eta parte hartzera gonbidatu behar zituen interes-taldeen erregistroan inskribatuta dauden elkarteak, bereziki kontu handiko ingurumen-gai batean, hala nola egoera kritikoan dagoen espezie bat (aingira europarra) berreskuratzea.

    EBAZPENA


    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 11

  • Inés Ibáñez de Maeztu Izaguirre -orain arte bere ondokoa- izango da jarduneko arartekoa Eusko Legebiltzarrak titular berria aukeratu arte
  • 2025eko ekainaren 5a Arartekoak herritar guztiei eskatzen die #Plastikoek eragindako kutsadurarik gabe mugimenduarekin bat egin dezaten
  • Ararteko erakundeak gaitzespenik irmoena adierazten du joan den ostiralean, Bilbon, Jasmina Eva 13 urteko neskatoa erail zutelako, eta bere dolumina helarazten die haren familiari eta lagunei
  • Maiatzaren 26an eta 27an, Arartekoaren haurren eta nerabeen bulegoko eta nazioarteko gaien bulegoko bi teknikarik, parte hartu zuzten Luxemburgon, Haurren Defendatzaileen Europako Sarearen (ENOC) udaberriko mintegian, Luxenburgoko Haurren Defentsa Erakundeak antolatuta.


    Mintegiaren lehen egunean, haurrek osasun fisikorako duten eskubidearen babesari eta sustatzeari eskaini zitzaion, hori baita ENOCek 2025erako duen lanaren gai nagusia. Hala, Europako haurren eta nerabeen defentsa-erakundeetako ordezkariek gogoeta egin zuten haurrek osasun fisikoko zerbitzuetarako sarbidea izateari buruz eta bizimodu osasungarria sustatzeko dauden tresnei buruz.


    Mintegiaren bigarren egunean, defentsa erakundeek asiloa eskatzen duten haurren zaintza eta haiei kalitateko arreta ematearen gaia jorratu zuten, migrazioari eta asiloari buruzko EBko Itunaren testuinguruan, EMN Migraziorako Europako Sarearekin lankidetzan. Arartekoaren teknikariek, Kataluniako Síndic de Greuges eta Andaluziako Defentsa Erakundeko ordezkariekin batera (biak ENOCeko kideak), eta Kanarietako Komuneko diputatuaren laguntzarekin, hizlari gisa aritu ziren Espainiako lurraldean haur migratzaileen eta asilo-eskatzaileen kalitatezko arretak dituen erronkei buruzko mahai batean, bereziki, Andaluziako, Kataluniako, Euskadiko eta Kanarietako administrazio publikoei dagozkien betebeharrei erantzunez.

-
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia

Bizkaiko Probintzia Auzitegiko lehendakari-kargua hartzeko ekitaldia

Inés Ibáñez de Maeztu arartekoaren ondokoa, Reyes Goenaga Olaizola andreak Bizkaiko Probintzia Auzitegiko lehendakari-kargua hartzeko ekitaldira joango da.

Kokalekua:
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia