Skip to main content
  • Pertsona batek kexa aurkeztu zuen Arartekoan, ez zegoelako ados Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Arabako Lurralde Ordezkaritzan aurrez aurreko eta telefono bidezko arretarik ez ematearekin. Kexagileak azaldu zuenez, administrazioarekin telefono bidez hitz egiten saiatu zen, baina, erantzunik jaso ez zuenez, posta elektroniko bidez lurralde-ordezkaritzarekin harremanetan jartzea erabaki zuen. Ondoren, Sailaren mezu elektroniko bidez eman zitzaion erantzunarekin ados ez zegoenez, zerbitzu eskudunarekin aurrez aurreko bilera eskatu zuen. Hala ere, ez zuen erantzunik jaso.

    Arartekoak Hezkuntza Sailaren lankidetza eskatu zuen herritarrei arreta emateko duten eredua ezagutzeko. Halaber, kexagilearen arazo zehatza jorratzeko harekin bilera bat ez egiteko arrazoia zein zen ere galdetu zuen. Sailak bere erantzunean azaldu zuenez, laburbilduz, lurralde-ordezkaritzak enplegatu publikoei soilik ematen die arreta. Izan ere, ez dauka herritarrei arreta emateko zereginik esleituta, eginkizun hori Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Herritarrak Hartzeko Zerbitzuari baitagokio (Zuzenean). 

    Ebazpenean, Arartekoak hezkuntzaren eremuan herritarren arretari buruzko araudi espezifikoa garatzeko beharra azpimarratzen du, kontuan hartuta indarrean dagoen araudia ordezko moduan aplikatzen dela Sailean. Horregatik, Hezkuntza Sailari gomendatzen dio herritarren arretarako eredua arautu dezala eta, bien bitartean, herritarrei informazioa emateko kanal eta zerbitzuen funtzionamendua argitu eta zehaztu dezala. Gainera, Arartekoak Sailari eskatu dio Zuzenean zerbitzuarekin duen koordinazioa hobetzeko, arreta integral eta eraginkorra bermatzeko eta, hala, herritarrei beren eskubideak baliatu eta betebeharrak betetzeko erraztasunak emateko.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 16a
     

  • Herritar batek, alokairu-araubidean dagoen babes publikoko etxebizitza baten pareko etxebizitza baten errentaria denak, Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen ez zegoelako ados Alokabide sozietate publikoak matxuratutako bitrozeramika baten diagnostikoa egiteko kontrataturiko zerbitzu teknikoak emandako faktura bat ez ordaintzeko hartu zuen erabakiarekin.

    2023ko apirilean, kexagileak sozietate publikoari jakinarazi zion bitrozeramika matxuratuta zegoela eta adierazi zuen etxetresna zaharra zela.

    Erantzute aldera, Alokabideko langileek jakinarazi zioten zerbitzu tekniko ofizialarekin harremanetan jarri behar zela kasua baloratzeko eta dagokion konponketa egiteko. Zenbait egun beranduago, kexagileak bidali zion, mezu elektroniko bidez, zerbitzu teknikoak egindako balorazioa eta faktura sinplifikatua, guztira 66,55 euro.

    Alokabidek erabaki zuen bitrozeramika ez konpontzea eta kexagileak berriz ere eskatu zuen zenbatekoa itzultzeko, zeina teknikarien zerbitzuagatik ordaindu behar baitzuena. Beste behin esan zuen ez zegokiola berari matxura konpontzea, izan ere, ez zen egiaztatu bitrozeramika txarto erabili zenik. Ondorioz, uste zuen ez zegokiola berari matxuraren garrantzia egiaztatzeko etxebizitzara joan ziren teknikariak kontratatzeko gastuak ordaintzea.

    Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren laguntza eskatu zuen eta zenbait gogoeta jakinarazi zizkion. 

    Arartekoaren iritziz, errentariari ezartzen bazaio kontratua amaitzean etxebizitza jaso zuen bezalaxe itzultzeko betebeharra, bidezkoa da errentatzaileari ezartzea kontratuaren indarraldian zehar etxea egoera egokietan mantentzeko beharrezkoak diren konponketak egiteko betebeharra. Hau da, errentan hartutako etxebizitza kontserbatzearen printzipioa ez da bakarrik obrei buruzkoa, eta behar diren konponketak eta emandako zerbitzu teknikoa ere hartzen ditu barne.

    Gainera, kasu honetan, ez da frogatu bitrozeramika gaizki erabili denik. Kontuak hartuta etxetresna zaharra dela, badirudi matxura aparatuaren erabilera luzearen eta bizi-zikloaren beraren ondorio dela.

    Etxebizitza Sailak, azkenean, ebatzi du kexagileak ordaindutako zenbatekoa itzultzea.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 12a
     
     

  • Arartekoak gaitzespen tinkoena adierazi nahi du indarkeria matxistaren hilketarekiko. Biktima bikotekideak hil du gaur goizaldean, Bilbon. Beste emakume bat hil dute gaur Euskadin indarkeria matxista dela-eta. Gertakari horrek sakonki hunkitzen du euskal gizartea. Arartekoa bat dator emakume honen hilketak sortzen duen tristura eta haserrearekin, eta berdintasunaren balioa eta matxismoaren aurkako borroka inoiz baino gehiago indartzeko deia egiten du.

    Arartekoa, Euskadiko herritarren eskubideak defendatzen dituen erakundea den aldetik, emakumearen familiako kideek eta gertuko pertsonek sentitzen duten atsekabeari dagokionez, elkartasuna eta laguntzeko prest dagoela adierazi nahi du, bai eta hilketa gaitzesgarri honen aurkako dolumin zintzoenak adierazi ere.

    Arartekoak espero du hemendik aurrera egingo diren ikerketa polizial eta judizialek gertaerak argitzea, bai eta horietatik erator daitekeen erantzukizun guztia argiztatzea ere. Halaber, gizarte eta erakunde guztiei eskatzen die adi egoteko matxismoaren eta matxismoaren adierazpen guztien aurrean. Hala, irmoki aldarrikatu behar da premiazkoa dela emakume guztien berdintasunaren, duintasunaren eta eskubide osoen balioak gure giza harreman guztiak eraikitzeko nahitaezko oinarri izatea.

    Inés Ibáñez de Maeztu, Arartekoaren laguntzailea, gaur Bilboko Udalean egin den kontzentrazioan egon da, gertakaria gaitzesteko.


    Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 12a

  • Arartekoak hiri-mugikortasun jasangarrirako eskubideari buruzko herritarren foroa antolatu du gaur Bilboko Bizkaia Aretoan.

    Foro honen helburua eztabaida irekia eta parte-hartzailea sustatzea da, arreta berezia honako hauetan jarriz: mugikortasun aktiboa, garraio publikoaren sustapena, ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea eta emisio txikiko eremuen bidez ibilgailu kutsatzaileak murrizteko neurriak.

    Jardunaldiari hasiera emateko hitz egin dute Manuel Lezertua arartekoak, José Antonio Santano Garraioko Estatu idazkariak eta Susana Gargía Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak.

    Jasangarritzat jotzeko, hiri-mugikortasunak ahalik eta eragin txikiena izan behar du ingurumenean, ekonomian eta gizartean. Xedea giza joan-etorriak ahalik eta bizi-kalitate handiena sortzeko moduan antolatzea da.

    Mugitzeko eskubidea erabiltzerakoan nahitaez hartu behar dira kontuan gure ingurunea babestearen eta osasun eta ongizate kolektiboa bermatzearen erantzukizuna.  Zentzu horretan Manuel Lezertua arartekoak honakoa adierazi du: "Derrigorrezkoa da gure hirietan kutsatzen duen ibilgailuaren erabilera murriztea, eta ez bakarrik kutsadura eta klima-aldaketaren ondorioak murrizteko, legezko arrazoiak ere badaudelako, Legeak neurri hauek babesten baititu. Bidezkoak dira, eragindako kolektibo guztientzako konpentsazio-neurriak eragiten dituztelako. Gogoratu behar dugu neurri hauen helburua ez dela mugikortasunerako eskubidea mugatzea, baizik eta, aitzitik, mugikortasun seguruagoa, osasungarriagoa eta guztiontzako bidezkoagoa sustatzea".

    Arartekoaren iritziz arduradun publikoen eta herritarren helburuak honako hau izan behar du: "hiri-mugikortasun mota bat sustatzea, jasangarria ez ezik, inklusiboa, eskuragarria eta aktiboa ere izango dena. Horrek esan nahi du gure hiriak birpentsatu behar ditugula espazio publiko atseginak, hurbilak eta benetan bizigarriak edukitzeko".

    Azken batean, bizikidetza sustatzen duten inguruneak sortzea da helburua, pertsona guztiek, haien adina, egoera fisikoa edo sozioekonomikoa edozein dela ere, eskuragarri izan ditzaten.

     

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 11

  • Hondarribiko Alardearen ospakizuna dela eta, Manuel Lezertua arartekoa eta Inés Ibáñez de Maeztu haren ondokoa Hondarribian izan dira, berriro ere, emakumeek Alardean gizonen baldintza beretan parte hartzeko duten eskubideari babes irmoa adierazteko. 

    Arartekoak aurten, lehen aldiz, Alardea, egun horretan espazio publikoan egiten diren ekitaldietan talde interesdun guztien parte-hartzea arautzen duten Hondarribiko Alkatetzaren Dekretuen babesean garatu dela ikusi du. Erakunde honen iritziz, herriko alkatetzak hasitako jarduerak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko euskal Legetik eratorritako agindua betetzera bideratuta egon dira, 28.1 artikuluak debekatu egiten du gune publikoetan emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura edo jai- jarduerarik antolatzea eta egitea. 

    Erakunde honen ustez, Hondarribiko kaleetan, bai Jaizkibel konpainiaren, bai Alardea osatzen duten gainerako konpainien, desfilea egiteko modua baimendu eta antolatu duen alkatetza-dekretuek, pertsona guztien berdintasunerako eskubidearen errespetua bermatzeko eta sexuagatiko diskriminazioaren debekua errespetatzeko funtsezko lege-agindua betetzea dute helburu; agindu horretan kokatu behar dituzte botere publiko guztiek beren jardunak. 

    Arartekoak ontzat jotzen du Hondarribiko jai nagusian emakumeen eta gizonen parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua sustatzeko neurriak hartzea. Horregatik, berdintasun-legearen aginteari men egiteagatik eta, horren ondorioz, bertan pertsona guztiek, emakume zein gizon, sexua dela eta bereizkeriarik egin gabe, berdin parte hartu ahal izango duten Alarde baterantz pixkanaka urratsak emateagatik, Hondarribiko Udalaren ahaleginak aitortzen ditu.

    Arartekoak egiaztatu du udalaren konpromiso hori bat datorrela Hondarribiko herritarrek 2024ko Alardearen jaia soseguz eta lasaitasunez, parte hartzeko eta errespetuzko giroan bizi dezaten Udalak adierazitako nahiarekin. 

    Jaizkibel konpainiaren desfilea dela eta, gaur goizean izan den festa-harmoniaren zenbait intolerantzia eta desorekaren aurrean, Arartekoak Hondarribiko agintariei dei egiten die Alardearen inguruan oraindik ere dagoen eten soziala gainditzera bideratutako elkar ulertzea, elkarrizketarako espazioak eta zubiak sustatzeko abian dauden ekimenak mantentzen eta indartzen jarrai dezaten.

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 8a
     

  • Arartekoak 2021ean argitaratutako azterlan honen bilakaera aztertu du: "Administrazio digitala eta herritarrekiko harremanak. Euskal administrazio publikoetarako aplikazioa". Analisi horretan nabarmentzen da aurrerapen garrantzitsuak egin direla azterlan horretan lankidetzan aritu diren 13 euskal erakunde publikoetako administrazio elektronikoan, eta oraindik ere badirela erronkak eraldaketa digital inklusiboagoa eta eraginkorragoa egiteko. Arartekoak arlo horretan aurrez egindako gomendioak bete ote diren ebaluatu du eta, ebaluazio horren argitan, gidalerro berriak formulatu ditu, administrazioarekiko harreman digitaletan sarbidea eta kanal aniztasuna bermatzeko.

    Besteak beste, honako hauek azpimarratu dira:

    •    Egoitza elektronikoa eta erregistroa: administrazioek egoitza elektroniko osoa eta funtzionala izan behar dute, erregistro orokorraren bidezko eskaerak onartu behar dituzte, eta herritarren karpetak izan behar dituzte, interesdunek espedienteen eta jakinarazpen elektronikoen tramitazio-egoera ikusi ahal izan dezaten.
    •    Laguntzeko bulegoak eta aurretiko hitzordua: erregistro gaietan laguntzeko bulegoak funtsezkoak dira herritarrei ematen zaien arreta errazteko; aurretiko hitzorduak aukerakoa izan behar du, ez zerbitzu publikoetarako sarbidea oztopatzeko traba bat.
    •    Jakinarazpen elektronikoak: administrazioek jakinarazpen elektronikoak egiteko plataformak garatu behar dituzte, administrazio-prozedurako baldintzak beteko dituztenak, eta beti bidali behar dituzte jakinarazpenak eskuragarri daudela dioten abisuak, garaiz jasoko direla bermatzeko.
    •    Elkarreragingarritasuna: elkarreragingarritasuna bultzatu behar da, administrazioen artean datuen kontsulta elektronikoak erraztuz; era berean, erregistro elektronikoak bateragarriak direla ziurtatu behar da eta ez da eskatu behar administrazioak bere esku daukan agiririk.
    •    Sinadura elektronikoa: administrazioek sinadura elektroniko aurreratua gauzatzeko politikak onartu behar dituzte, eta gaitutako funtzionarioen erregistroak sortu; herritarrek behar bezala jakin behar dute zerbitzu horiek badirela, baita nola funtzionatzen duten ere.
    •    Langileak prestatzea: administrazio elektronikoan prestatzeko berariazko planak garatu behar dira, gutxieneko estandarrak eta etengabe ebaluatzeko tresnak dituztenak.
    •    Informazioaren segurtasuna: administrazioek agiri elektronikoak kudeatzeko eta informazioaren segurtasunerako politikak garatu behar dituzte, aldizkako auditoriak egin behar dituzte, eta segurtasun arloan erantzukizun argiak ezarri.
    •    Gardentasuna: administrazioek bete egin behar dituzte informazio publikoa lortzeko eskaerak izapidetzeko ezarrita dauden epeak, mugak jartzea arrazoitu behar dute, eta gardentasun-atariak erabilgarriak direla bermatu.
    Arartekoak gomendio horiek bete ditzaten eskatzen die administrazioei, administrazio publiko hurbilagoa, gardenagoa eta herritar guztien beharretara egokitutakoa sustatzeko.

    GOMENDIO OROKORRA

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko abuztuaren 29a

  • Arartekoak guraso talde baten kexa jaso zuen, ikastetxe baten jokabidea zela eta, izan ere, Haur Hezkuntzako D ereduan eskolatutako ikasleak euskararen ezagutza-mailaren arabera banatzen zituen edo euskara familia-inguruan erabiltzearen arabera. Horrela, gela batean biltzen zituen euskara ama-hizkuntzatzat duten eta darabilten gurasoen (edo gutxienez, gurasoetako baten) seme-alabak, eta beste gela batean familia-eremuan gaztelania edo atzerriko hizkuntza bat darabilten gurasoen seme-alabak. 

    Kexagileen ustez, neurri hori diskriminatzailea da eta tratu-berdintasunerako eskubidea urratzen du.

    Arartekoak laguntza eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Hark bere erantzunean dioenez, ikasleen ezaugarri eta premietan oinarritutako irizpide zorrozki pedagogikoak erabiliz eman da tratu desberdin hori. 

    Hala ere, sail horrek bere jokaera justifikatzeko eman dituen arrazoiak ez dira nahikoak, Arartekoaren iritziz. 

    Haur Hezkuntzako etapa bukatzean eta Lehen Hezkuntza ikasten hastean ikasleak talde heterogeneotan banatzen direla dioen argudioak, taldekatze hori Amara Berri sistema aplikatzearen ondoriozkoa dela beste arrazoirik eman gabe, galdera bat sortarazten dio erakunde honi: zergatik taldekatze hori ezin da Haur Hezkuntzako etapatik egin, beharrezko neurriak hartuz ikaskuntza inklusiboa eta ekitatiboa izan dadin eta euskal hezkuntza sistemako helburuak lor daitezen? 

    Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari gomendatu dio neurriak har ditzala tratu-desberdintasunik gerta ez dadin ikasleak, euskararen ezagutza-mailaren arabera edo euskara familia-inguruan erabiltzearen arabera, Haur Hezkuntzako D ereduko geletan banatzearen ondorioz, eta ekidin dezala alde batetik euskal hiztunak eta, bestetik, erdal hiztunak edo atzerritarrak taldekatzea.

    EBAZPENA


    Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 24a

  • Andramari Kortiñe auzo-elkarteak kexa egin zion Arartekoari, Getxoko Udalak ez baitzion erantzun bere informazio-eskaera bati. Hain zuzen ere, elkarte horrek jakin nahi zuen udalak zer neurri hartu zituen Getxoko Aixerrotako zelaietan urtero uztailaren 25ean egiten den Paellen Nazioarteko Lehiaketaren ondoan burutzen den jolas-jarduera alternatiboa kontrolatzeko.

    Gai horri dagokionez, elkarte kexagileak Arartekoaren 2023ko uztailaren 20ko 2023R-388-23 Ebazpena aipatu zuen. Ebazpen horren bidez, Arartekoak Udalari gomendatu zion udalaren eskumeneko segurtasun-, osasun- eta ingurumen-neurri guztiak betetzen zirela kontrolatzeko ekintza bultza zezala, Aixerrotan egin ohi den ospakizun horri lotutako jarduera guztietan.

    Ebazpen berri honetan Arartekoak Getxoko Udalari gomendatzen dio ikuskapen-programa bat bultza dezala, Aixerrotako landetan egiten diren jai-jardueretan segurtasun, osasungarritasun eta ingurumenaren babeserako neurriak behar bezala kontrolatzeko.

    Zehazki, Arartekoak Getxoko Udalari gomendatzen dio programa horrek, besteak beste, elkarrizketa-gune edo -foro bat izan dezala jolas-jarduera alternatiboan parte hartzen duten pertsonen eta auzo-elkarteetako edo elkarte ekologistetako ordezkarien ekarpena jasotzeko, horren bidez, ebaluazio egokia egitea izango baita adosten diren neurrien eraginkortasunaren inguruan, hala nola pinudi-basoko alorrak eta kostaldeko txilardiak hazten diten alorrak babesteko, egokitzen diren segurtasun-eremuetan sartzea eta okupatzea eragozteko, eta instalazio desmuntagarriak lurzorua eraldatu edo kutsa dezakeen inolako eraikuntza-materialik gabe egiten direla bermatzeko neurrien inguruan, eta, jarduera gauzatu ondoren, lursaila behar bezala lehengoratzeko neurriak ere aintzat hartuta.

    EBAZPENA


    Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 24a

-
Miramar jauregia

EHUren uda ikastaroa: “Haur migratzaileak eta giza eskubideak"

EHUko Iker Barbero Gonzálezek eta Emet Fundazioaren Odos Programako Cristina Manzanedok antolatu duten ikastaro horretan parte hartuko dute Arartekoko arduradun tekniko batzuek.

Ikastaroan, beraien gurasoa ez den pertsona heldu batekin iristen diren adingabeen egoera bereziak aztertuko dira, baita beraien amen migrazio-lekualdaketan jaio diren haurrena ere.

Ikastaroak haur migratzaileak aztertzea du helburu. 2022an, 741 ume (397 mutil eta 344 neska) iritsi ziren itsasoz hegoaldeko mugara pertsona helduekin batera. Heldu gehienak emakumeak ziren eta ume haien amak zirela zioten. Horiez gain, hasieratik haien amak ez zirela adierazi zuten emakumeak ere iritsi ziren.

Kokalekua:
Miramar jauregia