Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Arartekoaren erakunde-adierazpena

Ezinbestekoa da euskal erakunde- eta gizarte-sareak bere gain har dezan erakunde- eta kultura-politika bat aktiboki sustatzeko ardura. Politika horrek irmoki gaitzetsi behar du generoagatiko bereizkeria

2022ko azaroaren 25a

Egun honetan, Arartekoak aurten ere gogorarazi nahi du emakumeen kontrako indarkeria giza eskubideak erabat eta larriki urratzea dela, unibertso osoan hedatuta dagoela eta euskal gizartean ere bizirik dirauela, nahiz eta ukaezinak izan berdintasun arloan eta emakumeentzako eskubideak bermatzen egin diren aurrerapenak. Berriki aldatu den Berdintasunerako euskal Legea (emakumeak eta haurrak horrelako indarkeriatik babesteko estandarrak handitu ditu, Istanbulgo Hitzarmenaren esparruan), baita indarkeria mota horren aurka orain prestatzen ari den Erakundearteko III. Akordioa ere neurri bereziki garrantzitsuak dira euskal eremuan emakumeen eskubideen urratze larri-larri eta iraunkor horri aurre egiteko. 

Dena den, Arartekoa ohartzen da legezko eta erakundeetako tresna garrantzitsu horiek izan arren, emakume eta neska-mutil gehiegik jasaten dituzten indarkeria matxistako egoerak ezingo direla irauli, baldin eta pertsonen berdintasunaren aldeko borrokan gizonen eta mutilen konpromiso eta lankidetza aktiboa sustatzen ez bada. Horregatik, Arartekoa bat dator puntu horretan euskal erakundeek elkarrekin hasi duten kanpainarekin, eta gogora ekartzen ditu, orobat, 2022ko irailean egin den Dublingo Adierazpeneko postulatu esanguratsuenetako batzuk. Adierazpen horretan, EBko estatu guztietako justiziako goi ordezkariek funtsezko hainbat konpromiso adierazi zituzten Europan indarkeria matxistari amaiera emateko. 

Horietatik guztietatik Arartekoak bereziki nabarmendu nahi du ezinbestekoa dela euskal erakunde- eta gizarte-sareak bere gain har dezan erakunde- eta kultura-politika bat aktiboki sustatzeko ardura. Politika horrek irmoki gaitzetsi behar du generoagatiko bereizkeria, baita ere indarkerian, sexismoan eta genero-estereotipoetan oinarritzen diren dinamika sozial eta pertsonalak, eremu publikoan nahiz pribatuan.

ra berean, funtsezkoa iruditzen zaio indarkeria matxistaren kontra borrokatzeko eta hura prebenitzeko estrategiak, halaber, mutilen eta gizonen zeregin aktiboa konprometitzera bidera daitezen ziurtatzea. Horretarako, emakumeei laguntzeko eta horiek ahalduntzeko neurriekin batera, berariazko neurriak garatu behar dira gizonezkoak inplika daitezen. 

Azkenik, Arartekoak azpimarratu nahi du oso garrantzitsua dela gai horri modu sistematikoan eta epe luzekoan helduko zaiola bermatzea, indarkeria matxistaren mota desberdinez eta askotarikoez gizarte osoa sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko, eremu digitalean gertatzen direnez ere bai, horiek gero eta emakume eta neska gehiagori eragiten baitiete eta gero eta larriagoak baitira.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 24a